undefined

Mr. Pentland, gure entrenatzailerik arrakastatsuena

Mr. Pentland, gure entrenatzailerik arrakastatsuena

Gaur, uztailaren 29an, 137 urte bete dira Athletic Cluben titulu gehien lortu dituen entrenatzailea jaio zenetik

Gaur, uztailaren 29an, 137 urte bete dira Frederick Beaconsfield Pentland, Athleticen historiako entrenatzailerik ezagunenetako bat, jaio zenetik. Mr. Pentlandek, beti bonbina zeramatzan gizonak, zinez irabazi zuen zurigorrien oroimenean leku bat. Bilbon lortu zuen arrakasta taldea suspertuz zuri-gorrien ontziaren agintea hartu zuenean. Gaur egun, oraindik ere Athleticen historiako teknikaririk sarituena da (2 Liga, 5 Kopa eta 5 Eskualde Txapelketa). Bai jokalariak, bai zaleak apaltasunez, ezagutzaz eta elkartearen berezko balioez tratatu zituen.

Mr. Pentland Wolverhamptonen (Ingalaterra) jaio zen 1883an eta Athletic Clubera Santanderreko Racingetik iritsi zen Mr. Barnes ordezkatzeko. 1922tik 1925era eta 1929tik 1933ra, zurigorri taldeko entrenatzailea izan zen. Lehengo etapan, bere lehen denboraldian, ohiko bonbinarekin jantzita Kopa bat irabaztea lortu zuen. Jokalariek garaipena erdietsi ondoren kendu eta txikitu zioten, tituluren bat irabazten zuten bakoitzean taldeko partaideen artean ohituratzat hartuz.

Pentlanden bigarren etapa izan zen gogoratuena eta arrakastatsuena. Lau denboraldi horietan 2 Liga, 4 Kopa eta 3 Eskualde Txapelketa irabazi zituen. Britainiarra San Mameseko aulkira itzuli zen Ligako Txapelketaren sorreran premisa argi batekin: Athletic historiako talderik onena bihurtzea, berak esan bezala, “Athletic bakarra baitago”. Itzuli ondorengo lehen denboraldetan (1929-30) zenbaki ikusgarriak utzi zituen zuri-gorrientzat. Athleticek ezin izan zuen ligan irabazi eta Kopa irabazi zuen Real Madrilen aurka. Estatuko futbolaren historiako lehen bikotea izan zen, hurrengo urtean errepikatu zuen mugarria.

Bere agindupean lortutako bigarren Liga hori lehiatuagoa izan zen. Athleticek Realarekin eta Racingekin berdinduta bukatu zuen, baina gol kopuruak txapeldun bihurtu zituen zuri-gorriak: 73 gol 18 partidatan. Denboraldi honetan, Pentlanden jokalariek klubaren historiako gol kopururik handienetako bat lortu zuten, Bartzelonari 12-1 irabaziz, eta garaipen hori erabakigarria izan zen gaur egun lehoiek dituzten zortzi txapelketetatik bigarrena lortzeko.

Zuri-gorrien historian, Mr. Pentlandek pribilegiozko lekua du. Horregatik, hainbat omenaldi egin zaizkio britainiarrari. 1959ko abenduaren 8an, Athleticek ekitaldi bat antolatu zion San Mamesen, Chelsea FC aurkari zuela. Mr. Pentlandek 76 urte zituen. Gaixorik zegoelarik, hiru urte geroago hil zen.

2010ean, Ligako Athletic-Bartzelona bat aprobetxatuz, eta Espainiako futbolean lortutako lehen bikotearen laurogei urteak zirela eta, talde zuri-gorriak ‘Mister Pentland’ erakusketa ireki zuen, bere alaba gonbidatuz, Angela Hilton, 85 urterekin Bartzelonaren aurkako partidaren ohorezko sakea egiteaz arduratu zena, San Mameseko harmailen txalo zaparrada jasoz.

Argazkiak: Athletic Club Museoa