undefined

Zortzi debutari Logroñon

Zortzi debutari Logroñon

Sillero, Zarraga, Morcillo, Luengo, Paredes, Ewan Urain, Beñat Prados eta Nico Serranok lehen partida jokatu zuten Athleticekin Las Gaunasen

Lezaman trebatutako zortzi jokalarik lagunarteko partidan egin zuten debuta Athleticekin, Klubera sartu ziren uneko ametsa betez. Horietako hiruk, Jon Sillerok, Oier Zarragak eta Aitor Paredesek, kimuak zirenetik daramatzate talde zuri-gorrian.

Jon Sillero (22 urte) Durangon jaio zen, eta Nevers Ikastetxetik Lezamako kimuetara heldu zen 2008-2009. denboraldian. Erdiko atzelaria edo eskuin hegalekoa, iaz filialeko kapitaina izan zen, eta 96 partida jokatu ditu jada Ohorezko Mailako gazteetatik zuzenean promozionatu ondoren. Lehen taldearen deialdian sartu zen Valladoliden, baina ez zuen debuta egin.

Oier Zarraga (21 urte) Getxokoa da eta 2009-10. denboraldian iritsi zen Lezamara, Erromoko kimuetatik. Erdilari gisa aritzen da eta Bilbao Athleticen 29 partida ofizial jokatu zituen joan den denboraldian, jaurtitzeko duen erraztasunari esker bost gol sartuz.

Aitor Paredes (20 urte) bilbotarra ere Lezaman izan zen hasieratik, 2010-11. denboraldian Arrigorriagako Etorkizun taldetik heldu eta gero. Erdilaria da eta iaz Bilbao Athleticen (7 partida) eta Basconian (21 partida) norgehiagokak bateratu zituen.

Jon Morcillo Amorebietan jaio zen duela 21 urte, eta 2016-17 denboraldian talde zuri-gorrira heldu zen Durangoko Culturaletik Basconian jokatzeko. Aurreko denboraldian, ezker hegaleko aurrelariak hamar gol sartu zituen Bilbao Athleticen 29 neurketetan. Lehen taldearekin kontratua sinatzeko balio izan zion.

Ewan Urain durangarra (20 urte) kadete adinean iritsi zen Lezamara (2015-16 denboraldia) Durangoko Culturaletik. Aurrelaria da. Duela bi urte 13 goleko marka Basconian lortu ostean, Bilbao Athleticekin bikain aritu zen aurreko denboraldiaren hasieran (hiru gol sei partidatan), baina bere denboraldia lesio batengatik eten zen.

Nico Serrano iruindarra (17 urte) 2018-19 denboraldian fitxatu zuten Vila-real taldetik gazteen taldean hasteko. Iaz, 2003. urteko ezkerrak 14 gol sartu zituen 19 partidatan Ohorezko Mailan. Bilbao Athleticera zuzenean igo dute Basconiatik pasa gabe.

Oier Luengo (22 urte) atzelaria Bilbao Athleticerako fitxatu zuten 2018-19 denboraldian, SD Amorebietatik etorrita, bere herriko kluba, filialean bi partida jokatu ondoren bertan utzita joango zen taldea, hain zuzen. Aurreko denboraldian Joseba Etxeberriaren aginduetara sendotu zen, 23 partida jokatuz, hiru gol sartuta, horietako bat Badajozen aurkako igoera play offean.

Beñat Prados Iruñeko erdilaria (19 urte) kadeteetan jokatzeko iritsi zen Lezamara, 2015-16 denboraldian, Txantreatik. Gazteen taldean zela, iaz Bilbao Athleticen (13 partida) eta Basconiaren (15 partida) artean aritu zen, Basaurikoen aldeko gol bat erdietsiz.