undefined

Filialak lehen taldea hornitzen jarraitzen du

Filialak lehen taldea hornitzen jarraitzen du

Berriz ere filialeko jokalari ugarirekin, Villacamparen taldeak indarrak neurtu ditu Iturregiren taldearen aurka

Gaur goizean, eta denboraldi-aurrean hirugarren aldiz, emakumezkoen lehen taldeak 90 minutuko partida jokatu du bere filialaren aurka. Villacamparen neskek “sparring” gisa erabiltzen jarraitzen dute Reto Iberdrolako taldea, lehiaketarako prest jartzeko, eta harrobiko sei jokalarik parte hartu dute lehen taldean: Mariana Cerro, Naroa Uriarte, Bibiane Schulze, Nerea Nevado, Paula Arana eta Leyre Monente. Alejandra Estefania, “B” taldekoa ere, baja izan da arazo fisikoen ondorioz.

Horrela, lehoi gazteek Primera Iberdrolarako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzen dute. Naroa Uriartek, Nerea Nevadok eta Leyre Monentek badakite zer den lehen taldearekin debuta egitea. Hain zuzen ere, Uriarte, Bakioko atzelaria, hasieratik aritu da Vanesa Gimbertekin bikotea osatzen. Naroa 2001ean jaio zen, eta joan den apirilean 40 urte bete zituen Gimbert bezalako jokalari beterano batekin partekatu du lerroa; gazte eta beteranoen arteko konbinazioaren adibide nabarmena. Bestalde, Mariana Cerro Villacamparen aginduetara aritu da lehen zatian zelai erdian.

Bigarren zatian, Naroa Uriartek bere tokia utzi dio Bibiane Schulzeri atzealdean eta Nerea Nevado ezker hegalean jarri da Morazaren lekuan. Erasoan, Leyre Monente eta Paula Arana zelairatu ditu entrenatzaile zuri-gorriak.

Filiala, beste urtebetez euskarri

Partidatxoa lehoien aldeko 2-0ekoarekin bukatu da, Valdezate eta Oihane Hernandezen golekin. Iraia Iturregik zuzentzen duen taldea hobera doa sentsazioei eta kontzeptuak barneratzeari dagokienez ere. Clara Pinedo, denboraldi-aurrean lehen taldearekin aste batzuk egon zena, taldearen iparrorratza izan da zelai erdian, maila ona eskainiz.

Gaizka Garitanoren taldearekin gertatzen den bezala, filialaren aurpegi berriak daude lehen taldeko joko-lerro bakoitzean, eta jokalariak ate-joka daude Primera Iberdrolara noiz iritsiko zain. Hilabete oso bat du Athleticek aurretik ligan estreinatu aurretik eta Villacampa min hartuta zeuden jokalariak berreskuratzen ari bada ere, badaki “B” taldeko hainbat jokalari izango dituela eskura, aurreko denboraldian gertatu bezala.