Liga hasiera Athleticentzat
Iaz egin zuen bezala, lehoiek emango diote hasiera aurtengo LaLiga txapelketari: ostiral honetan, 21:00etatik aurrera, Granadako Los Carmenes zelaian
Athleticek, aurreko denboraldian egin zuen bezala, 2020-21 LaLiga denboraldiko estreinako partida jokatuko du aurten. Gaizka Garitanoren mutilek Granadako Los Carmenes Berrian hasiko dute txapelketa ostiral honetan, 21:00etan. Txapelketako lehen partida izango da, eta, horrela, aurreko denboraldiko egoera bera emango da: lehoiek Bartzelonaren aurka jokatu zuten Ligako lehen partida, ostiralean, San Mamesen, eta zuri-gorriek garaipena lortu zuten Aritz Adurizek txilenaz sartutako gol ikusgarriari esker.
Zuri-gorriek ondo hasi nahi dute txapelketa, azken hiru denboraldietan egin duten bezala. Athleticek ez du Liga hasierako porrota ezagutzen 2017-18 denboralditik. Lehoiek hutsean berdindu zuten orduan Getaferen aurka, Kuko Ziganda buru zutela. Urtebete beranduago, Athleticek 2-1 irabazi zion CD Leganesi San Mamesen, Munianek luzapenean sartutako gol bati esker. Iaz, Athleticek 1-0 irabazi zion Bartzelonari, historiarako geldituko den partida batean, Adurizek bere ibilbideko azken gola sartu baitzuen.
Athleticek poz eta etsipen handiak eman dizkion taldea izango du aurrean ostiral honetan. Bien arteko azken norgehiagokan emaitza ez zen nahi bezalakoa izan, aurreko Ligako azken jardunaldian porrot gogorra jaso baitzuten lehoiek Granadan (4-0). Hala ere, ez dugu ahaztu behar Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak oraindik jokatzeko dagoen Errege Kopako finalerako txartela lortu zuela Andaluziako estadioan.
Datu orokorrak hartua, Athletic Clubek eta Granada CF taldeak 48 aldiz jokatu dute elkarren aurka ligan, 25 garaipen zurigorrirekin, 11 berdinketarekin eta 12 nazariar garaipenekin.
Erlazionatutako partidak
Granada CF - Athletic Club

