undefined

Bilbao Athleticek mendean hartu du Santurtzi denboraldi-aurreko estreinaldian

Bilbao Athleticek mendean hartu du Santurtzi denboraldi-aurreko estreinaldian

Nico Serranok sartu ditu partidako bi golak (2-0), Athleticen nagusitasun argia izan duen lagunartekoan

Denboraldi-aurreko lehen lagunarteko partidarako honako hamaikakoa osatu du Santurtziren aurka aritzeko: Iru, Alvaro Nuñez, Paredes, Jaso, Imanol, Prados, Artola, Diarra, Nico Williams, Nico Serrano eta Urain. Nico Serranoren bi golek garaipen lasaia eman diote Bilbao Athletici Lezaman.

Bilbao Athletic baloiaren jaun eta jabe izan da gaurkoan, eta jabetza gol aukeretan bihurtu du Nico Serrano eta Diarraren bitartez. 40. minutuan aurreratu dira zuri-gorriak, Nico Serranok sartutako golari esker. Williamsek bigarren zutoinera erdiratu eta golegileak eskuin hankarekin errematatu du sareetara.

Bigarren zatian Julen Agirrezabalaga, Kortazar, Bernaola eta Guruzeta sartu dira. Aurrerago, Baque, Arberas, Lorente eta Areso sartu dira, eta partidak lehen zatiko gidoi bera izan du. Bilbao Athletic gustura aritu da Lezamako berdegunean, eta aukera onak izan ditu defentsan mantendu den Santurtziren aurka.

Berriro ere Nico Serranok, gaurko neurketako bigoleatzaileak, ez du hutsik egin Artolaren asistentzia bikain baten ostean.

Irailaren 16an, asteazkenean, SD Gernikaren aurka jokatuko dute lehoikumeek, Urbietan.