undefined

Primera Iberdrolaren hasiera Deporren aurka

Primera Iberdrolaren hasiera Deporren aurka

Zuri-gorriek urriaren 4an hasiko dute Liga Lezaman eta Coruñan amaituko dute txapelketa, galiziarren aurka, ekainaren amaieran

Espainiako Futbol Federazioak Madrilen duen egoitzan egin dute gaur arratsaldean 2020-21eko Primera Iberdrolaren egutegiaren zozketa. Lehiaketak 18 talde eta 34 jardunaldi izango ditu aurten, eta Athleticentzat urriaren 4ko asteburuan hasiko da, Lezaman, Deportivo Abanca taldearen aurka. Iragan denboraldian eliteko lehen denboraldia jokatu zuen Deporrek eta laugarren postua lortu zuen, bosgarren postuan sailkatu zen Villacampako taldea baino bi puntu gehiagorekin. Lehoiek, hain zuzen ere, Abegondon amaituko dute denboraldia, ekainaren 26ko asteburuan, talde galiziarraren aurka.

Deportivo Abanca taldeak hiru puntuak eskuratu zituen Lezaman iragan denboraldian, Ligako laugarren jardunaldian 0-2 irabazi ostean. Bigarren itzulian, lehoiek 0-2 irabazi zuten Abegondon, Primera Iberdrolako 19. jardunaldian, eta horrela, Deporrek ordura arte bere feudoan zuen porrotik gabeko bolada eten zuten.

Realaren aurkako lehen derbia Zubietan jokatuko da urtarrilaren 6an, ligako 14. jardunaldian, eta Lezaman, berriz, bi euskal taldeen arteko partida klasikoa jokatuko da maiatzaren 9ko asteburuan, Lehen Iberdrolaren 29. jardunaldian.

Egutegi konprimitua izango da, batez ere denboraldiko lehen zatian, aste arteko jardunaldi asko izango baitira egutegiko 34 jardunaldiak bete arte.

2020-21eko Erreginaren Kopa

2020-21eko Erreginaren Kopari dagokionez, ligako lehen itzulia bukatzean sailkapenean ondoen sailkatuta dauden 8 talde onenek jokatuko dute. 17. jardunaldiaren amaieran jakingo da zeintzuk diren talde horiek. Urtarrilaren 27ko asteburuan aurreikusita dago jardunaldi hori, eta Athletic Clubek FC Bartzelonaren aurka jokatuko du Lezaman, Ligako azken txapeldunaren aurka.