undefined

Derio, Fundazioarekin bat egin duen lehen udala

Derio, Fundazioarekin bat egin duen lehen udala

Zeharkako lankidetza-eredu bat aztertzeko ekimen aitzindari bat jarri da martxan, eta nahi duten udalek har dezakete parte

Derioko Udala izan da Athletic Club Fundazioarekin bat egin duen lehena. Honen bidez, zeharkako lankidetzarako eredu berri bat landu nahi da. Esther Apraiz, Derioko alkatea, Nekane Aiarza, alkateordea, eta Aitor Elizegi eta Juan Carlos Ercoreca, Athletic Clubeko eta Fundazioko presidenteak, Ibaiganen egon dira hitzarmena sinatzen. Derioko Udalak Ongile gisa sinatu du, eta Fundazioari gizartea hobetzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartu du. Ideia da Bizkaiko gainerako udalek ere aukera izatea ekimen honekin bat egiteko. Guztion ongizatearen eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde lan egitea da Fundazioaren asmoa.

Ekimen berri honen helburua Fundazioaren eta udalen arteko akordio horiek nolabait ofizial egin eta zabaltzea da; horrela, Fundazioaren gizarte-, ingurumen-, kirol- eta kultur ekimenak udalerri horietan garatu ahal izango lirateke.

Zehazki, Fundazioak eskaintzen duen jarduera katalogo zabalaren barruan, Derioko Udalak honako ekitaldi eta ekimenen inguruko interesa adierazi du: Thinking Football Film Festival jaialdia, Irakurketa Tailer eta Klubak, Bertsoderbiaren edizio bereziak,  Adingabeen Babesaren inguruan teknikari zein familia eta haurrei ematen zaien prestakuntza, Nutrizioari buruzko mintegiak, Kirol Psikologia arloko Prestakuntza, Hirugarren adinerako ergonomia saioak, eta Fundazioko Ongilearen figurarekin erlazionatutako beste onura batzuk. Era berean, Fundazioak eta Derioko Udalak zeharkako beste lankidetza-bide batzuk aztertu nahi dituzte, Fundazioarekin lan egiten duten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteentzat ere onuragarri izateko.