undefined

Gogo handiz jokatzeko lagunartekoa

Gogo handiz jokatzeko lagunartekoa

Gaur, 18:30ean Amurrion, Athleticek Alavesen kontra jokatuko du, ia zazpi hilabetez partidarik jokatu gabe egon ostean

Zortzi aste baino gehiago igaro dira Athleticentzat denboraldi-aurreko lehen saioa egin zutenetik, edo, beste modu batera esanda, zuri-gorriek 80 lan saio pilatu dituzte hanketan. Orain arte ezin izan dute lagunarteko partidarik jokatu. EDF Logroño eta Atletico Madrilen aurka huts egindako bi saiakeren ostean, Angel Villacampak bere jokalariak txapelketako egoera errealago batera hurbiltzeko aukera izango du gaur arratsaldean, 18:30ean, Basarten (Amurrio).

Reto Iberdrolan (Iparraldea) jokatzen duen Deportivo Alaves izango du aurkari, eta aurreko denboraldian igoera lortzeko hautagai serioa izan zen. Iaz, pandemiaren aurretik, bosgarren postuan sailkatuta zeuden, Osasunarekin, laugarren postuan, puntutan berdinduta. Gasteizeko taldean Lezamako aurrelaria, Leia Zarate, lagata jokatzen ari da eta bere taldekideekin topatuko du berriz. Gainera, Mikel Crespok zuzentzen duen taldeak Iraia Iturregiren taldearen aurka ere neurtuko ditu indarrak Lezaman, hilaren 19an, 12:30ean.

Nahiz eta lehoiek hiru lagunarteko partida jokatu dituzten euren filialaren aurka, arratsaldekoa guztiz ezberdina izango da. Basartek, belar naturalezko zelaia, ateak itxita hartuko du partida, 18:30etatik aurrera. Norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izango da Youtubeko gure kanal ofizialaren bidez.

Deialdia harrobiko jokalari askorekin

Angel Villacampa prest dauden jokalari guztiak izango ditu denboraldi-aurreko lehen lagunarteko partidarako, eta azken asteetan bere agindupean egon diren harrobiko jokalari ia guztiak sartuko ditu zerrendan. Partida jokatuko ez dutenei dagokienez, zuri-gorriek ezin izango dituzte Lucia Garcia eta Ainhoa Moraza zelairatu, espainiako selekzioarekin daudelako. Atal fisikoan, Nekane Diez, Garazi Murua, Marta Unzue, Amaia Peña eta Yulema Corres ere ez dira arituko. Ane Azkonak errehabilitazioarekin jarraitzen du, uztailean lotailu gurutzatun ebakuntza izan ostean.

Horrela, Paula Arana, Mariana Cerro, Alejandra Estefania, Leyre Monente, Naroa Uriarte, Bibiane Schulze, Nerea Nevado eta Ane Elexpuru deialdian sartu dira. Zerrenda osatzen duten gainerako jokalariak hauek dira: Andrea Sierra, Andrea de la Nava, Andere Leguina, Oihane Valdezate, Maria Diaz, Jone Ibañez, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Marta Perea, Erika Vazquez eta Vanesa Gimbert.