undefined

“Badakigu zein den bidea”

“Badakigu zein den bidea”

Iñigo Martinezek zurigorrien egungo egoera errepasatu SD Eibarren aurkako garaipenaren ostean eta Cadizen aurkako partidari begira

Iñigo Martinezek telematikoki erantzun zituen komunikabideek egindako galderei Lezamako prentsa aretotik. Ondarroako atzelariak Eibarren aurkako garaipena gogoratu zuen eta Cadizen aurka San Mamesen jokatuko den norgehiagokari begira bere asmoak argitu zituen.

Lehoiek Ipuruan jokatutako norgehiagokari buruz galdetuta, “denboraldi honetako partidarik onena izan da. Erasoan eta defentsan gogor aritu zen taldea. Aukera gutxi utzi zizkiogun aurkariari. Uste dut taldeak lan bikaina egin zuela eta hobeak izan ginela. Badakigu zein den jarraitu beharreko bidea. Helburua aurrera pausoak ematen jarraitzea da “.

Iragan igandeko garaipena erabakigarria izan zen taldearentzat: “gaizki hasten zarenean, garrantzitsuena buelta ematea izaten da. Guretzat eta zaleentzat garrantzitsua zen. Gauzak beste era batera ikusten ditugu. Taldea batuta eta partida irabazteko gogoz atera zen lehen minututik”.

Hurrengo aurkariari dagokionez, Athleticen ‘4’ zenbakiak garrantzia kendu dio igo berria izateari: “iigarren mailatik etortzen zarenean gogo askorekin etortzen zara lehen mailan geratzeko. Talde ona dator: ez zizkioten gauzak erraz jarri Sevillari eta hemen ez da ezberdina izango. Cadiz ona ikusi da lehen bi jardunaldietan. Ausartak izan behar dugu baloiarekin”.

Lehen taldean sartu diren gazteei buruz, lehiakortasun maila igotzeko duten garrantzia azpimarratu du: “igo diren guztiek ekarpen berri bat egin diote taldeari. Gaztea zarenean, jokatu eta Lehen Mailan geratu nahi duzu. Hori ona da eta ondo datorkio Athletici. Entrenatzaileak beraiengan konfiantza izatea erabakitzen duenerako batzen dute entrenamendu bakoitzean. Soberako potentziala dago”.