undefined

“Talde honek ez du inoiz burua jaisten”

“Talde honek ez du inoiz burua jaisten”

Gaizka Garitanok taldeari Eibarren lortutako garaipenak eman zion konfiantza aitortu du eta bere taldearen bertuteei dei egin die bihar (19:00etan) Cadiz CF taldeari San Mamesen irabazteko

Athleticek etxean jokatuko duen 2020-21 Ligako lehen partida izango du bihar Cadizen aurka (19:00etan). Gaizka Garitano Lezamako prentsa aretoan agertu da partidaren atarian, bere taldeak aste honetan egin duen errekuperazio lanarekin pozik. Iragan igandean Eibarren lortutako garaipenak konfiantza ematen badu ere, Cadiz CF igo berriaren aurka gauzak baloiarekin oso ondo egin beharko dituztela onartu du entrenatzaileak: “Orain arte gustatu zaidan taldea da, gauzak oso ondo egiten ditu. Oso ordenatuak dira, kontraerasoan oso indartsuak dira eta taktikoki oso ondo kokatzen dira. Oso ondo moldatu da maila gorenera, eta kontu handiz ibili beharko dugu. Oso ondo ari da egokitzen Lehen Mailara eta aurkari arriskutsua da. Partida itxia espero dut, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu“.

Taldearen gogo-aldarteaz galdetuta, Garitanok bere lehoiek duten izaera sendoa azpimarratu du: “Beti ikusi dut taldea gogotsu. Jende positiboa gara, beti hobetzen saiatzen dena, autokritikoak eta aldagelan giro oso ona dugu. Zuzentzeko gauzak baditugu, baina bertute asko ere bai, eta ez dugu inoiz burua jaisten“. Denek parte hartzen duten jokalari taldea du Garitanok: “Gero eta hobeto moldatzen diren jokalariak ditugu, eta partida asko izango ditugula kontuan hartuta, hori oso garrantzitsua da, guztion beharra izango dugulako. Bakoitzak bere rola du taldean eta denok batu behar ditugu indarrak irabazteko”.

San Mamesen berriro lehiatzeari dagokionez, Garitanok Katedralean jokatzeko gogo handia duela onartu du, baina are gehiago zaleekin jokatzeko: “Jendea itzultzeko eta San Mames beteta ikusteko premia handia dugu. Guretzat oso garrantzitsua da. Faltan botatzen ditugu gure zaleak. Jendea berriz ere laguntzen ikustea amets bat da guretzat”.