undefined

Garitano: “Partida guk galdu dugu”

Garitano: “Partida guk galdu dugu”

Entrenatzaile zuri-gorriak Cadizen aurkako porrota aztertu du: “Egun latza da, baina mentalki ezin gara hondoratu eta Gasteizera hiru puntuen bila joan behar dugu”

Gaizka Garitanok prentsaurrekoa eman du Athleticek 2020-21 denboraldiko Ligako bosgarren jardunaldiko partidan Cadizen aurka galdu ostean. Entrenatzaile deriotarrak ez dio aitzakirik jarri gaurko porrotari: “Baloiarekin akats ugari izan ditugu, ez dugu egun ona izan eta Cadiz oso ondo defendatu da. Atzean sartzen diren taldeen aurka gabezia asko ditugu. Izan duten aukera aprobetxatu dute eta merezita irabazi digute. Partida guk galdu dugu, argi dago. Erantzukizuna? Nirea guztiz. Ni naiz arduradun nagusia eta taldearen porrot guztiez arduratzen naiz“.

Garitanok honela laburbildu du norgehiagoka: “Lehen zatian gero eta gutxiago joan gara eta nahiko ondo amaitu dugu. Baina bigarrenean, barrutik gehiegi sartu nahi izan dugu bi aurrelariekin, eta mesfidantza sortu diguten baloi asko galdu ditugu. Eta gero, kanpotik saiatu garenean, erdiraketak ez dira onak izan eta erremateak ere ez“.

Kolpe gogorra jaso arren, zuri-gorrien entrenatzaileak hiru egunetan garaipena lortzeko asmoa du Alavesen aurka: “Laugarren jardunaldian gaude eta profesional bezala autokritikoak izan behar dugu, baina bihartik aurrera altxatu behar gara. Egun latza da, baina mentalki ezin gara hondoratu. Errekuperatu beharra dago igandean Gasteizera irabaztera joateko”.