undefined

“Igandean irabaziz gero, asko aldatuko da egoera”

“Igandean irabaziz gero, asko aldatuko da egoera”

Atzelari zuri-gorriaren ustez, “egoera iraultzeko tartea dago. Taldeak bat eginda eta positibotasunez lan egiten du Levanteren aurkako norgehiagokari begira”

Mikel Balenziagak telematikoki erantzun ditu Lezamako prentsa aretoan komunikabideak helarazi dizkioten galderak. Athleticek Levanteren aurka jokatuko du igande honetan, San Mamesen, 14:00etan.

Zumarragako atzelariak gaurkotasunari errepasoa egin dio eta bere sentsazioak azaldu ditu LaLigako partida berriari begira: “Ez gara ondo hasi, baina lau partida bakarrik daramatzagu eta egoera iraultzeko tartea dago. Taldeak bat eginda eta positibotasunez lan egiten du, eta igandean Levanteri irabaztea besterik ez du buruan”.

Balenziagak badaki LaLiga hasierako emaitzek zalantza ugari sortu dituztela giro zuri-gorriaren baitan, baina baikortasun mezua zabaldu du: “Talde honengan konfiantza osoa dut. Garenak gara, eta ziur nago elkarrekin egoerari buelta emango diogula eta aurrera egingo dugula. Guztion artean elkartu eta babestu beharra dago, Athleticen une zailetan beti  egin izan den bezala”.

Jokalari zuri-gorriak igandean hiru puntuak batzearen garrantzia azpimarratu du: “Taldea ondo dago, sentsazio onekin, eta Levanteri irabaztea espero dugu. Garaipen hori lortzeak asko lagunduko du egoera aldatzen, guztiontzat”.