undefined

“Egoera iraultzeko aukera dugu bihar”

“Egoera iraultzeko aukera dugu bihar”

Gaizka Garitanok “gogotsu” ikusten du taldea Levanteren aurkako biharko norgehiagokaren aurrean: “Taldea lasai eta arduratsu dago”

Gaizka Garitano baikor agertu da bihar Levanteren aurka San Mamesen jokatuko duten partidari begira (14:00etan): “Dinamika aldatzeko eta energia eta konfiantza berritzeko aukera ona dugu biharkoa. San Mamesen jokatuko dugu eta taldeak dena emango du garaipena lortzeko”. Derioztarrak Lezamako prentsa aretoan egin du agerraldia, Ligako partidaren aurretik lehoiek egin duten azken entrenamenduaren ostean. Komunikabideek telematikoki helarazi dizkioten galderei erantzun die bertan.

Athleticen hasiera irregularraz galdetuta, entrenatzaile zuri-gorriak uste du Liga hasi baino ez dela egin: “Egia da partida bat galtzen duzunean eta 15 eguneko geldialdia dagoenean, egoera ez dela erraza izaten. Garrantzitsuena da taldea lasai, elkartuta eta arduratsu dagoela Athletic bezalako klub batek merezi duenarekin. Gure betebeharra irabaztea da beti, geure egiten dugu hori eta presio horrek hobeak egin gaitzan saiatzen gara”.

Garitanok gola iristea espero du: “Konfiantza mantentzeko modu bakarra egiten duzun horretan sinestea eta batuta egotea da. Ziur naiz golak iritsiko direla, eta horiekin batera emaitza onak”.