undefined

Thinking, Letrak eta Futbola 2020 jaialdiaren aurkezpena

Thinking, Letrak eta Futbola 2020 jaialdiaren aurkezpena

Zinema, literatur topaketa eta futbol kulturaren jaialdiaren edizio berezia egingo da azaroaren 9tik 14ra

Jon Vázquez Eguskiza, Athletic Club Fundazioko Zuzendari Nagusia, Gorka Martínez, BBK-ko Zuzendari Nagusia, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Arloko zinegotzia, eta Galder Reguera, Fundazioko Proiektuen arduraduna, San Mamesen egon dira eguerdian, eta Thinking, Letrak eta Futbola izeneko jaialdia aurkeztu dute. Pandemia dela eta, Athletic Club Fundazioak Thinking Football Film Festival jaialdia eta Letrak eta Futbola ekimena fusionatzea erabaki du. Zinema, literatur topaketa eta futbol kulturaz betetako astea izango dugu. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik erreserba egin beharra dago BBK Aretoan eta San Mamesen, azaroaren 9tik 14ra.

Estreinaldia Aritz Adurizekin
Jaialdia BBK Salan hasiko da, Six Dreams dokumental bereziaren emanaldiarekin. Aritz Adurizek Athletic Club taldean emandako azken urteari buruzkoa da dokumentala, eta saio honetan baino ez da ikusgai egongo. Azaroaren 9an izango da, astelehena, 19:00etan, COVID-19aren aurkako segurtasun-neurri guztiak betez. Dokumentalaren ostean, jokalari zuri-gorri mitiko hori Jon Maiarekin arituko da solasean, bere azken urteari buruz. Aurretik, 2019ko Thinking Football Film jaialdiko film irabazlearen saria entregatuko da.

John Carlin, Howard Kendall, Karmele Jaio…
Thinking, Letrak eta Futbola jaialdi berrian zinema eta literaturaren arloko hainbat saio berezi izango ditugu. Horien artean, John Carlin eta Ander Izagirreren arteko elkarrizketa, Carlinek berak zuzendutako “This is Football” seriearen lehen kapituluaren emanaldiaren ostean. Azaroaren 10ean izango da hori, San Mamesen. Hurrengo egunean Howard Kendallen figura izango dugu protagonista, hain maitatu eta omendua izan dena, “Howard’s Way” dokumentalaren emanaldiarekin. Euskadi Literatur Saria irabazi berri duen Karmele Jaio, Amets Arzallus eta Igor Elortzarekin arituko da solasean ostegunean, eta, ostiralean, José Ignacio Carnero eta Carlos Zanónen txanda izango da. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, honako dokumentalak emango dira San Mamesen: “Buscando a Panzeri”, argentinar kazetari mitikoari buruzkoa, eta “Vatreni”, Kroaziako selekzioak 98an lortutako garaipen historikoari buruzkoa, une horretan gerra zibila eta Kroaziaren independentzia prozesua puri-purian zeuden eta.

Podcastak
2020an, jaialdiaren web orrian podcast atal bat jarriko da. Bertan, jaialdiak babestutako bost podcast jarriko dira. Horien bidez, futbolak musikarekin, zinemarekin, literatura edota kulturarekin duen harremana aztertuko da.

Williams izatea, Athletic Irakurteta Kluba eta irakurLE-ON
Urtero legez, Fundazioak liburu berezi bat argitaratuko du, jaialdia dela eta. Aurtengoak “Williams izatea” izenburua dauka, eta Igor Porset Domingok idatzi du, Athletic Club Genuine taldeko jokalaria. Irakurketa Errazaren ereduari jarraitu dio eta Jose Mari Isasiren laguntza izan du. Igor, egilea, Williamsen Sindromearekin jaio zen, eta liburu honetan bere bizitzako pasarte gogoangarriak kontatu ditu, haurra zenetik gaur artekoak. Athletic taldeari buruzko eta bestelako gai batzuen gaineko ikuspegi xume eta bereziak jaso ditu, hala nola familia, musika, laguntasuna edota futbolari buruzkoak. Laster hasiko da Athletic Irakurketa Kluba ere. Horretan, Athletic Clubeko jokalariek liburuei buruz hitz egiten dute zaleekin. Bestalde, irakurLE-ON kanpainaren posterrak ikastetxeetara heltzen ari dira dagoeneko.

Sarrerak urriaren 29tik aurrera
Urtero bezala, jaialdiaren sarrera doakoa da. Fundazioak sistema operatibo bat jarri du martxan urriaren 29tik aurrera, sarrera www.thinkingletrasyfutbol.com  webgunearen bidez erreserbatu ahal izateko. Sistema honen bidez, sarrera QR kode batekin iritziko da posta elektronikora. BBK Aretoaren eta San Mamesen heren batera mugatuko da edukiera.