undefined

Fundazioa eta Anesvad, konpromiso sozialak elkartuta

Fundazioa eta Anesvad, konpromiso sozialak elkartuta

Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko GKE garrantzitsuenak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, kirola, kultura eta elkartasuna uztartuz

Anesvad Fundazioa Bilboko GGKEa da, eta pobrezia testuinguruetan Osasunerako Eskubidea bermatzeko lan egiten du. Orain, hitzarmen bat sinatu du Athletic Club Fundazioarekin, elkarrekin gizarte-lana bultzatzeko. Ibaiganen sinatu dute akordioa Athletic Club Fundazioko zuzendari Jon Vázquez Eguskizak eta Anesvadeko presidente Garbiñe Biurrun Mancisidorrek. Akordio horren helburua bi fundazioen egiteko soziala zabaldu eta sentsibilizazio ekintzak sustatzea da. Gainera, kultura, kirola eta elkartasuna uztartzeko ekitaldi eta jarduerak antolatzeko asmoa dute.

Hitzarmen horren bidez, Bizkaian hain errotuta dauden bi erakunderen arteko lankidetza bideratu nahi da. Anesvadek 50 urte daramatza planeta osoko komunitate pobretuenetan lanean, osasun sistemak sendotzeko eta eraldaketa soziala bideratzeko, pobrezia, desberdintasun egoerak eta gizarte-bazterkeria murrizteko helburuarekin.

“Bizkaiko gizartean oso errotuta dauden bi erakunderen arteko akordioak argi erakusten du lurralde moduan gizarte konpromisoa badugula, eta mundu bidezkoago bat nahi dugula”, adierazi du Anesvadeko presidente Garbiñe Biurrunek. “Kirolaren eta kulturaren bidez gizarte kritiko eta aktiboagoak sortu ditzakegu, lurralde eta komunitate pobretuenen ongizatea bermatzeko”, esan du Biurrunek. Akordioa sinatzeko ekitaldian, Athletic Club Fundazioak kamiseta bat entregatu du Anesvad izena eta 50 zenbakiarekin, GKE horrek lanean daraman urte kopuruagatik. Jon Vázquez Eguskiza zuzendariak esan bezala, “Athletic Club Fundazioarentzat estrategikoa da Anesvaden mailako erakundeekin elkarlanean aritzea. Izan ere, elkarrekin gehiago egin dezakegu Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko lanean”.

Kirola, kultura eta elkartasunaren arteko sinergia berriak

Hitzarmenaren helburu nagusia, dokumentuan jasotakoaren arabera, zera da: esku-hartze bateratuak diseinatu eta garatzea, irisgarritasun unibertsalaren arloan eta osasunerako eskubidearen defentsa, sustapen eta babesaren arloan, eta proiektu bateratuak garatzeko aukera ematen duten kirol edo kultur jarduerak partekatzea, erakunde bien helburuekin bat datozen sinergiak bilatuz.

Horrela izanik, akordioaren esparruan honakoak aurreikusten dira: komunikazio eta marketin ekintzak, hala nola komunikazio kanpainak; nazioarteko lankidetzaren arloko ekintzak eta erakunde bien egitekoaren inguruko sentsibilizazio eta zabalkundea; eta erakunde bien artean sustatu daitezkeen ekitaldiak antolatzea.