undefined

Derbi berezia lau lehoikumentzat

Derbi berezia lau lehoikumentzat

Luengo, Baqué, Tascón eta Jaso SD Amorebieta taldetik pasa ziren, Bilbao Athleticen larunbateko aurkaria

Bilbao Athletic eta Amorebietaren arteko derbia, larunbat honetan 18:00etan Lezaman jokatuko dena eta gure Youtubeko kanalaren bitartez ikusiko dena, oso berezia izango da, eta ez bakarrik sailkapen onena duten bi talde bizkaitarren arteko partida delako. Hunkigarria izango da Joseba Etxeberria eta Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileentzat. 2008-09 denboraldian batera jokatu zuten biek Athleticen lehen taldean eta lehenengoak egungo entrenatzaile zornotzarraren esku utzi zuen Urritxeko taldearen aulkia.

Hala ere, partida benetan berezia izango da gure taldeko lau lehoikumentzat. Oier Luengo eta Antxon Jaso atzelariak, eta Iñigo Baqué eta Andoni Tascón aurrelariak izango ditugu hizpide. Guztiek talde urdinean lagatuta jokatu baitute.

Denboraldi-aurre osoa Gaizka Garitanorekin egin zuen Luengok, eta nabarmentzekoa da bere kasua. Zornotzarra SD Amorebieta taldean trebatu zen eta Athleticek handik fitxatu zuen Joseba Etxeberriaren esanetara denboraldi ona burutu ondoren. Eta hurrengo urtean, Urritxera itzuli zen lagatu gisa minutuak pilatzen jarraitzeko, aurreko denboraldian bigarren taldean egonkortu zen arte.

Iñigo Baque ere, Basconian jokatu eta gero, Etxebe berak eskatu zuen Amorebietan aritzeko eta zelai erdian jokatuz hazi zen. Zorte txarra izan du gure bigarren taldeak lesioak direla eta, baina hor jarraitzen du, iaz aurrelari gisa erakutsitako maila albiste pozgarri paregabea izanda.

Andoni Tasconek hamabi gol sartu zituen Basconian Danok Batetik heldu eta berehala, eta Amorebietara joan zen lagatuta. Bigarren B Mailan hamar gol sartu zituen denboraldi hartan. Arazo fisiko batzuk izan ditu, baina hazten jarraitzen du, bere indarra eta gol-usaimenari esker.

Bestalde, Antxon Jaso atzelaria izan zen Urritxen jokatu zuen azkena, Burgosetik fitxatu eta gero. Joan den jardunaldian egin zuen debuta Bilbao Athleticekin Portugaleten, partida txukuna erdietsiz.