undefined

Erreakzioaren bila Bartzelonan

Erreakzioaren bila Bartzelonan

Lehoiek, ia arnasarik gabe igandeko partidaren ostean, RCD Espanyolen aurka jokatuko dute bihar Dani Jarque Kirol Hirian

RCD Espanyolen eta Athletic Cluben arteko partida klasiko bat da emakumezkoen futbolean. Bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute bihar arratsaldeko 18:30etik aurrera Dani Jarque Kirol Hirian, azaroaren 8an Primera Iberdrolako seigarren jardunaldia atzeratu ostean. COVID-19aren kasuren bat bere lantaldean zuenez, Espanyolek norgehiagoka atzeratzeko eskatu zion Espainiako Futbol Federazioari. Azken emaitzen ostean, bi taldeek erreakzioa bilatuko dute Lehen Iberdrolan. Lehoiek menderaezintasuna galdu zuten Levanteren aurka iragan astean Lezaman, eta beste porrot bat izan zuten jarraian igandean Real Madrilen aurka. Bi kolpe hauen ondoren, Villacamparen jokalariak zortzigarren postuan daude 11 punturekin. Bestalde, kataluniarrek lau jardunaldi pilatu dituzte punturik lortu gabe, eta sailkapenean hamalaugarren postuan daude.

Bartzelonako taldearen aurka ligan 6 garaipen, 5 porrot eta 7 berdinketa lortu dituzte zurigorriek. Sant Adrià de Besòsen ez da galdu 2010-2011 denboralditik, eta lehoiek hiru garaipen lortu dituzte bertan jokatutako azken hiru partidetan. Iaz Angel Villacamparen neskek 0 eta 1 iraultzea lortu zuten Lucia Garciak eta Yulema Corresek bigarren zatian sartutako golei esker.

Osasun egoeraren ondoren Espainiako Futbol Federazioak hartutako ondorengo erabakiengatik izan ez balitz, Espanyolek maila galduko zukeen iaz, 21 jardunalditan 4 puntu baino ez zituelako lortu eta partida bakar bat ere irabazi ez zuelako. Lau puntu horietako bat Lezaman lortu zuten, Ligako azken partida izan zen COVID-19a iritsi aurretik (martxoak 1).

Kataluniarren aurtengo helburu nagusia aurreko denboraldia ahaztea da, eta Ruben Casado entrenatzaile berriarekin gutxienez larrialdirik ez izatea. Hala ere, RCD Espanyoli buruz ari gara hitz egiten; liga bat eta sei Erreginaren Kopa irabazi dituen klub historikoa. Kirol arloan, talde honetatik jokalari askok alde egin dute uda honetan, baina harrobiko jokalarien ekarpenaz gain, izen interesgarriak ere izan dituzte: Paula Nicart (Valentzia CF), Laura Fernandez eta Marta Turmo (Madril CFF) edo Karpova errusiarra (Sevilla FC). Bestalde, aurten Bartzelonako taldea etxeko partidak belar artifizialeko zelaian jokatzen ari da.