
Atletico lider gisa iritsi da Lezamara
Atletico lider gisa iritsi da Lezamara
Aurreko jardunaldian Granadillarekin gertatu zen bezala, lehoiek liderraren aurka arituko dira
Lehoiak Primera Iberdrolako lehiara itzuliko dira joan den asteburuan izandako etenaldiaren ostean. Duela bi aste UDG Tenerife taldea lider bezala Lezamara iristen bazen, bihar sailkapeneko lider berriaren txanda izango da, bederatzi jardunaldi jokatu ostean, Atletico Madril. Koltxonero taldea lehen postuan dago 20 punturekin (Granadillarekin berdinduta). Bestalde, Angel Villacampak zuzentzen duen taldea sailkapeneko hamargarren postua dago 12 punturekin eta sailkapenean igotzeko asmoarekin.
Talde madrildarraren aurkako norgehiagoka zaila izango da. Azken bi norgehiagokak irabazi dituzte eta gol marka onarekin iritsi dira. 20 gol sartu ditu Dani Gonzalezen taldeak, horietako zortzi Ludmila Da Silvak. Brasildarra ligako pitxitxia da 8 golekin eta Riazorren jokatu zuen aurreko jardunaldian, Deportivori lau gol sartuta.
Atletico Madrilek porrot bakarra jaso du denboraldi honetan, FC Bartzelonaren aurka. Charlyn Corral, Carmen Menayo, Guagni eta Turid Knaa lesionatuta daude. Denboraldi honetan Lola Gallardo eta Sari Van Veenendaalen bajak izan dituzte, eta Lindahl suediarra eta Pauline Peyraud Olympique Lyon eta Arsenaleko atezain ohia heldu dira. Bestalde, Angela Sosa Real Betisera joan zen eta Kenti Roblesek Real Madrilerako bidea hartu zuen, baina talde koltxoneroak kalitate handiko jokalariak fitxatu ditu, edo Laurent hegaleko frantziarraren lagapena ere lortu du.
Aldeko estatistikak Lezaman
Estatistikei dagokienez, Athletic Club-Atletico Madrilen arteko 13 partida jokatu dira Lezaman, zortzi garaipen, bi berdinketa eta hiru porroteko balantzearekin lehoientzat. Etxean jokatu zen azken partida 2018-2019 denboraldian izan zen eta zurigorriek 2-4 galdu zuten. Azken garaipena, 3-0, 2015-2016 denboraldikoa da, bosgarren titulua lortu zuen urtekoa.