undefined

“Ez dugu gure mailarik onena aurkitu”

“Ez dugu gure mailarik onena aurkitu”

Gaizka Garitanok “taldea ondoen zegoenean golari begira asmatu ez izana” deitoratu du eta Celta bigarren zatian nagusi izan dela onartu du

Gaizka Garitano kezkatuta agertu da San Mameseko prentsa aretoan Athleticek Celtaren aurka 0 eta 2 galdu ostean. Entrenatzaile zuri-gorriak deitoratu egin du “talde hobekien zegoenean” izan duen  “sendotasun falta”, eta Celta bigarren zatian nagusi izan dela onartu du: “Merezita irabazi dute”.

“Partidan ondo sartu” arren, entrenatzaile derioztarrak adierazi du “hiru zutoinen artean asmatu ez izana” izan dela zuri-gorrien porrotaren gakoetako bat: “Lehen zatia oso parekatua izan da. Ondo atera gara zelaira, Celta goian urduri jar genezakeela zirudien, baina ez gara sendoak izan. Distira gehiago izateko egoerak izan ditugu, eta golari begira edukitako akatsek penalizatu egin gaituzte. Ez dugu gure mailarik onena aurkitu”.

Garitanok aurkariak gaur gauean San Mamesen erakutsitako maila goraipatu du: “Bigarren zatian gehiago izan dira, batez ere lehen 15 minutuetan. Ondo aprobetxatu dute eta gola sartu dute. Gola jazo arren, taldea suspertu egin da eta berdinketaren bila joan da, baina bigarren goleko akatsak ezinezko egin du. Celta bolada on batetik zetorren eta gaur partida bikaina egin du”.