undefined

Lezamako obrak aurrera doaz

Lezamako obrak aurrera doaz

Athletic Clubek Batzarrean aurkeztuko du, besteak beste, lehen taldearen eraikin berriko eta futbolarien egoitzako lanen egoera

Athletic Clubek, albiste honen eta honekin batera doan bideoaren bidez, Lezaman 2020. urte honetan egin eta orain amaitzen ari diren obra nagusien egoeraren aurrerapena aurkeztu du, baita horiek guztiek etorkizunari begira duten ikuspegia ere. Gizonezkoen lehen taldearen eraikin berria, eraikin nagusiaren eraberritzea eta erantsitako futbolarien egoitza berria eta zortzi zelaietako argien berritzea dira lan nagusiak. Hauek guztiak bazkide konpromisarioei aurkeztuko zaizkie datorren igandean, abenduaren 27an, egingo den Ohiko Batzar Nagusian.

Klubak aurreko Batzarrean aurkeztu zituen orain azaleratzen hasi diren proiektu horietako asko. 1., 3. eta 6. zelaietako argiak 2020. urte honetan berritu dira, eta metalezko halogenuroak deskargatzeko lanparetan oinarritutako argiteria-sistema LED proiektagailuekin ordeztu da. Proiektagailu horiek argiztapen-maila berberak lortzen dituzte, uniformetasun handiagoarekin eta instalatutako potentziaren erdiarekin. Obrarik aurreratuena gizonezkoen lehen taldearen eraikin berria da: 3.935 metro karratu ditu, 2019ko irailean hasi zen eraikitzen eta datozen egunetan amaituko da. Hiru solairuko eraikina da, eta behar profesional guztiak ditu; besteak beste, aldagelak, hidroterapia, gimnasioa, kiroldegia, medikuntza- eta elikadura-gunea eta prentsa-aretoa.

Futbolarien egoitza, eraikin nagusiaren ondoko eraikina, exekuzio-fasean dagoena, Athletic Clubek aspalditik bilatzen duen ametsa da. 29 logela bikoitz izango ditu, komunarekin, eta 2021eko irailean erabiltzeko moduan egongo da.

Eraikin nagusia eraberritzeko lanak gizonezkoen lehen taldea eraikin berrira eraman bezain laster hasiko dira, eta 2022ko udan amaitzea aurreikusten da. Barruan, emakumezkoen lehen taldearentzako eta Bilbao Athleticentzako aldagelak, gimnasioa, gune medikoa, kiroldegia, Lezamako bulego orokorrak eta ikasketa guneak egongo dira. Gainera, zaleentzako kafetegia eta harrobiko taldeentzako jangela izango ditu, baita 44 ibilgailurentzako lurpeko aparkaleku berria ere.