undefined

“Euskal derbia pasioa da”

“Euskal derbia pasioa da”

Iñaki Williamsek aitortu du taldea “gogotsu” dagoela zaleei poza emateko eta urteko azken partida irabaztea espero du

Iñaki Williamsek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan, Athleticek Reala etxean hartuko duen astean (osteguna, 14:00etan). Aurrelari zuri-gorriak ilusio handiarekin bizi du aste honetako norgehiagoka: “Derbia beti da berezia. Tamalgarria da San Mamesen jenderik ez egotea, baina badakigu kanpotik gure zaleak animatu eta gurekin egongo direla. Reala ondo dago, egoera onean, baina gu Athletic gara eta irabazteko gai gara, San Mamesen oso ondo egoteko gai gara”.

Euskal derbia urteko azken neurketa da Athleticentzat eta Williamsek partida bera “pasioa eta erakargarria” dela aitortu du: “Horrelako partidak jokatzea gustuko dut. Realaren aurka jokatzea gustatzen zait motibatzen nauelako. Talde osoa gogotsu dago urtea ondo amaitzeko, jendeak urteko azken gaua merezi duen bezala gozatzeko. Emaitza ona lortzea espero dugu eta, horrela, urtea denok nahi dugun bezala hasi ahal izango dugu”.

Aurkariari, Realari, dagokionez, hurrengoa dio aurrelariak: “Zelaian egin behar dena argi daukagu. Aurre egin nahi badiegu, gogor presionatu beharko dugu eta deseroso sentiarazi baloi irteeran. Baloia atzetik jokatzen saiatzen dira, eta azken partida hauek agian ez dute zorterik izan golari begira, baina neurketa askotan nagusi izan dira, eta hori da guk eragotzi behar duguna, haiek eroso sentitzea. Aurkariaren zelaian jokatzen dugunean arriskutsuak gara, min egiteko jokalari handiak ditugu eta horren bila joango gara”.

Bere anaia Nicori buruz, Bilbao Athleticeko jokalaria, honakoa esan du: “Niretzat, nire anaiarentzat eta nire familiarentzat, betetzeko dagoen ametsa da, lehen taldean elkarrekin jokatu ahal izatea, eta egia esan, egia bihurtzeko hurbil dago. Ilusio handia da egun hauetan berarekin entrenatzea, akatsak egiterakoan zuzendu ahal izatea, laguntza ematea. Lanarekin eta esfortzuarekin iritsiko zaio aukera”.