undefined

Garitano: “Garaipena merezitakoa izan da”

Garitano: “Garaipena merezitakoa izan da”

Athleticeko entrenatzailea pozik agertu da bere taldearen jokoarekin Elx mendean hartu ostean, baina huts egindako aukerak deitoratu ditu: “Barkatu egin dugu eta azkenean sufritu egin dugu”.

Gaizka Garitanok prentsaurrekoa eskaini du Ligako 17. jardunaldiko partidan Elx CF mendean hartu eta gero. Athleticeko entrenatzailea pozik agertu da urtea ondo hasi delako: “Gaur irabazi behar genuen eta 2021a garaipenarekin hasi dugu. Oso pozik nago”.

Derioko entrenatzaileak bere taldeak gol aukeretan huts egin izana deitoratu du, emaitza oparoagoa lortu eta azken uneetan sufritzea zegokielako: “Ez dugu bigarrena sartu, barkatu egin dugu eta sufritzea tokatu zaigu. Partida bigarren golerako zegoen, baina ez dugu lortu. Aukera bat izan dute, baina gola sartu izan balute, uste dut ez zela bidezkoa izango”.

Lehoiek burututako norgehiagoka nabarmendu du: “Lehen golera arte ondo jokatu dugu. Ondoren, baloia kendu digute. Bigarrenean, gehienetan gureak izan dira aukerak eta taldeak presio ona egin du”. Bere jokalarien defentsa lana azpimarratu du ere: “Azken lau partidetan bi gol jaso ditugu. Ligan gutxien ematen duen taldeetako bat izanik, gol asko aurka izan ditugu akats puntualengatik. Horrela defendatzen jarraitu behar dugu”.

Lehoiek urtarrilean jokatuko duten egutegi gogorrari dagokionez (Bartzelona, Atletico Madril, Getafe eta Superkopa eta Errege Kopako partidak), baikor agertu da: “Partida horiek gustuko ditugu, eta, oro har, ondo ibiltzen gara handien aurrean. Haien aurka ondo borrokatu garela uste dut”.