undefined

“Talde bizi bat ikusi nahi dugu”

“Talde bizi bat ikusi nahi dugu”

Iturregik “taldearen hobetzeko tartean” konfiantza du eta partidak irabazteko aukera gehiago sortu behar direla azpimarratu du

Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean, taldeak Badajozera bidaiatu aurretik. Larunbatean, hilak 23, 12:00etatik aurrera, Santa Teresaren aurkako partida jokatuko da, Primera Iberdrolako hamaseigarren jardunaldiari dagokiona.

Bi asteko lana bizkarrean dutela, Iraia eta bere talde teknikoa taldera egokitzen ari dira: “Gure etorrera etenaldiarekin bat etorri zen eta bi aste izan ditugu lasaiago lan egiteko. Aste honetan oso motibatuta ikusi ditut jokalariak, poza eta lan handia ikusi ditut. Saio laburrak baina biziak proposatu ditugu. Talde bizi bat ikusi nahi dugu asteburuan “, esan du entrenatzaile zuri-gorriak.

Loiukoak badaki taldeak garaipena behar duela bolada txarrari buelta eman eta egoera iraultzeko: “Taldeak sailkapenean dituen puntuak baino gehiago merezi dituela uste dut, baina ezin da atzean egin dena begiratu. Gorago egoteko taldea dugu, eta jokoari dagokionez, hobetzeko tartea. Gauza gehiago egiten saiatu behar dugu irabazteko aukera gehiago izateko. Gero irabaziko da edo ez, baina irabazteko aukera ematen diguten egoerak sortu eta eragin behar ditugu”.

Gol falta azken jardunaldietan

Gauza bera uste du taldean bizi duen gol faltaren inguruan: “Asko zentratzen gara arlo horretan, eta izaera ofentsiboagoa duten jokalariekin lan espezifikoak egiten ditugu postuz postu. Dinamika hori aldatzeko lana beste biderik ez dut ikusten. Golak iritsiko dira. Nahiago nuke lehenbailehen izango balitz, larunbatean, eta behin markagailua irekita eta lehena sartuz, gol gehiago etorriko dira”.

Athletic hamaikagarren postuan dago sailkapenean 14 punturekin, ia lehen itzulia jokatuta: “Egia da trantsizio une batean gaudela, guztientzat arraroa da taldea hain behean ikustea. Irabazi beharra daukagu, baina lasaitasunez lan egiten saiatu behar gara, emaitzan gehiegi pentsatuz gero antsietatea sortzen delako. Ez dugu fokua hor jarri behar, taldearen hobekuntza tartean baizik. Jokalariek zelaian gozatzen dutenean ziur nago emaitzak etorriko direla“.

Viejo Vivero, zelai zaila

Larunbatean Santa Teresaren aurka jokatuko duen partidari eta aurkariari dagokionez, “talde igo berria da, baina Lehen Mailako esperientzia bizi izan duela” adierazi du Iturregik. Zelaiari dagokionez (belar artifiziala du), han irabaztea zaila dela gogorarazi du entrenatzaileak: “Zelaia Lezamakoa baino 5 metroko luzeagoa da eta 8 metroko zabalera txikiagoa du, eta baloiak nahiko bote ematen du. Talde guztiei asko kostatzen zaie han irabaztea. Joko zuzenerako joera dute, eta kontuz ibili beharko dugu geldikako jokaldietan. Zelai horretan beharrezko da borroketan fin ibiltzea; intentsitatea eta oldarkortasuna eskatzen ditu. Hori da espero dudan partida”.