undefined

Marcelino: “Irabazteko premia eta anbizioa dugu”

Marcelino: “Irabazteko premia eta anbizioa dugu”

Cadizen aurkako norgehiagoka zaila izango dela adierazi du Athleticeko entrenatzaileak: “Badakigu aurkariek Ramon de Carranzan sufritzen dutela”

Marcelino Garcia Toralek LaLigako 23. jardunaldiko partidaren atarian egin zizkioten galderei erantzun die, bihar Ramon de Carranza zelaian Cadizen aurka jokatuko duen norgehiagokaren aurretik.

Etxean indartxu jokatzen duen aurkari baten kontra jokatuko dute lehoiek: “Badakigu aurkariek bertan sufritzen dutela. Gauzak zailak jarriko dizkigute. Joko zuzena erabiltzen dute, non beti dagoen bigarren jokaldi asko eta hegaletatik erdiraketa asko. Oso arriskutsuak dira kontrerasoan, eta jabetza ez dute jokoaren zati garrantzitsutzat hartzen”.

Ligako sailkapenari dagokionez, Athletic erdialdean kokatuta dago, eta entrenatzaileak garaipenaren bidera itzultzearen garrantzia azpimarratu du: “Ligari lehentasuna eman behar diogu. Irabazi egin behar dugu, etxetik kanpo partida bakarra irabazi dugulako eta zenbaki horiek hobetu behar ditugulako. Behar horrekin egingo diogu aurre partidari. Obsesionatu gabe, baina puntuak batu behar dira. Gure buruan garaipena besterik ez daukagu. Premia eta anbizioa ditugu”.

Taldearen ahulezi bat jasotako gol kopurua izaten ari da: “Guretzat golik ez jasotzea helburu bat izan behar da. Errealitateak esaten digu aurkariak oso gutxi iristen zaizkigula, baina guk ere ezin dugu pentsatu hau zorte txarra denik: pixka bat sendoagoak izan behar gara”.

Cadizen izango dituen asmoaei dagokienez, Marcelinok adierazi du ez duela plana aldatuko: “Beti bezala, erasora jotzea da asmoa; batzuetan hobeto ateratzen zaigu eta beste batzuetan okerrago, baina badakigu gure bertuteak ustiatzen baditugu, gauza asko lortuko ditugula. Guztiok gaude harro jokalariek irabazi nahi dutelako eta ahalegin guztia erakusten dutelako”.