undefined

“Inoiz ez dugu amore emango”

“Inoiz ez dugu amore emango”

Iraia Iturregik 19 jokalari deitu ditu bihar Rayo Vallecanoren aurka jokatzeko, “une zailetan bere aurpegi onena ematen duen taldea”

Iraia Iturregik hedabideen galderei erantzun die Primera Iberdrolaren 21. jardunaldiko partidaren atarikoan. Rayo Vallecano eta Athletic Cluben indarrak neurtuko dituzte bihar (13:00etan) RV Fundazioaren Kirol Hirian.

Entrenamenduetan eskainitako maila partidetan islatzea kostatzen ari zaiela adierazi du teknikari zuri-gorriak: “Hausnarketa garrantzitsua egin dugu, zenbait alderdi zuzendu nahian. Aste honetan ondo entrenatu dute jokalariek. Gehien kostatzen zaiguna entrenamenduetan egiten dena islatzea da. Inoiz amore ematen ez dugun taldea gara, eta horretan ari gara”.

Loiutarrak hausnarketa egin zuen Real Betisen aurkako lehoien azken porrotaren inguruan: “Partida batzuetan zortez hitz egin dezakegu, baina Betis nagusi izan zen. Ezin izan genuen partida irabazteko gol aukera nahikorik sortu. Niretzat, ez zen zori kontua izan. Ez genuen sentsazio onik izan. Puntuak lortzeko aukerarik izan ez dugun partida bakarra izan da”.

Biharko aurkariari dagokionez, norgehiagokaren eta agertokiaren zailtasunaz ohartarazi zuen: “Rayoren zelaia beti izan da zaila, jokalari nintzenean gogoratzen dut, tituluak lortzeko aukera zutenean eta beheko postuetan zeudenean. Une zailetan jokalari bakoitzaren onena ateratzeko gai izan den kluba da, eta horrek Rayoren baloreekin du zerikusia. Mundu guztiak hiltzat jotzen duenean, berpiztu egiten da. Talde borrokalaria da, zorrotza, inoiz ez du amore ematen eta horregatik aurkari arriskutsua da”.

Athleticen deialdia:

19 jokalari hauek osatzen dute zerrenda: Amaia Peña, Andrea de la Nava, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Nekane Diez, Maria Diaz, Yulema Corres, Marta Unzue, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucia Garcia, Marta Perea, Vanesa Gimbert, Leyre Monente.