undefined

“Munduko finalik luzeena dirudi”

“Munduko finalik luzeena dirudi”

Ander Capak aitortu duenez, Athleticek gogotsuago egingo dio aurre Realaren aurkako apirilaren 3ko finalari “hainbeste denbora zain” egon ostean

Ander Capak agerraldia egin du gaur goizean Lezaman, Errege Kopako finaletik bi aste baino gutxiagora. Jokalariak lasaitasunerako eta neurritasunerako deia egin du, hain neurketa garrantzitsu bati ekin aurretik: “Taldea ondo dago. Ez dugu erotu behar. Aste barruko partida askoko hilabeteak izan dira eta aste honetako atsedenaldia ondo etorriko zaigu ederto berreskuratzeko eta finala ahalik eta ilusio handienarekin bideratuko dugu”.

Athletic eta Reala aurrez aurre egongo dira apirilaren 3an La Cartujan aurreikusitakoa baino ia urtebete geroago. Capak “gogo gehiagorekin” ekingo dio finalari, hainbeste denbora zain egon ondoren. Portugaletekoak “denetarik gerta daitekeen” partida espero duela esan du, eta, gainera, tonu irribarretsuan, “munduko finalik luzeena” bezala katalogatu du: “Ez dugu faboritoak garenik pentsatu behar, ezta erraz irabaziko dugunik ere. Akats bat izango litzateke. Talde apala eta langilea izango gara, beti bezala, eta horrek ekarriko digu arrakasta. Denok jokatu nahi dugu partida hori. Urtebete itxaroten ari diren bi talde aurrez aurre. Kopa Bilbora ekartzeko gogoa handia da taldean”.

Marcelino iritsi zenetik lehoiek izan duten hobekuntzari dagokionez, atzelaria pozik agertu da, baina taldeak, nahiz eta asturiarrarekin hiru partida bakarrik galdu aulkian, erasoko eta defentsako alderdiak hobetu behar dituela jakin badaki: “Asko hobetu dugula uste dut. Golik ez sartzea lortu behar dugu, eta neurketak errematatzen jakin. Horretan ari gara lanean”.