
Euskal finalerako bidea (III): Elche CF
Euskal finalerako bidea (III): Elche CF
Lehoiek final-laurdenetarako txartela penaltietan lortu zuten Elx-eko taldearen aurka
Athletic Clubek Martinez Valero bigarrenez bisitatu zuen Kopa honetan, oraingoan Elche CF taldearen aurka final-hamaseirenetan jokatzeko. Norgehiagoka berezia izan zen, bi taldeak 1969. urtean zuri-gorriek irabazitako Kopako finalean aurkariak izan baitziren. Lehoiek 19-20ko edizioan LaLiga Smartbankeko talde batekin topo egin zuten lehen aldia izan zen eta, eszenatoki berean Intercityren aurkako neurketan gertatu zen bezala, harmailetan Athleitcen jarraitzaile ugari egon ziren.
Berdedunean gertatutakoari erreparatuz, neurketa zirraragarria izan zen. Hasi eta berehala, Williamsek etxekoen defentsa zigortu zuen markagailua irekiz, atezainarekin izandako aurrez-aurrea ederto amaituz. Athleticek partida bideratuta zuela zirudien, baina etxeko taldeak, minutuek aurrera egin ahala, partida berdintzea lortu zuen, atsedenaldira iritsi baino minutu batzuk lehenago.
Partida, markagailuan berdinketa mantendu eta gero, penaltien txandara iritsi zen, Athleticek finalera iristeko gainditu behar izan zituen bietatik lehena. Elchek aurrea hartu zuen, bi jaurtiketaren aldearekin, eta dena galduta zegoela zirudienean, lehoiek kanporaketari buelta eman zioten Yacinek eta Tekiok jaurtiketak huts egin zituztelako eta Herrerinek Ivan Sanchezen saiakera gelditu zuelako ere. Bihotzeko amaiera, lehoiek final-zortzirenetan plaza bat lor zezaten. Han espero zuen CD Tenerifek.
