Kapitainaren hitza
Iker Muniain: “Ahal dugun guztia egingo dugu zaleei garaipen hau eskaintzeko”
Iker Muniainek esperientziatik ekin dio Kopako ilusio uholde honi. Kapitainak, dagokion bezala, neurtutako mezu bat bidali du. Ilusio handiz heldu dio Realaren aurkako finalari, baina gozatzeaz eta presioa saihesteaz hitz egin du. Hori bai, 37 urte geroago Kopa altxatzen badute, hartzaile argi bat dago: “Ahal dugun guztia egingo dugu zaleei garaipen hau eskaintzeko”. Kopako 24 tituluei buruzko erakusketa berezian egindako elkarrizketan jasotako mezua da. Erakusketa AC Museoan sartuta ikus daiteke. Bertan dago ikusgai Kopan lortutako azken garaikurra, Endikak bere golarekin lortu zuena. Begirunez eta desiraz begiratzen dio hari Muniainek.
“Taldea ilusio handiz eta lasaitasunez ari da dena bizitzen. Jendeak etxetik, kaletik zoazenean, ematen duen babes guztia sentituz, indar mezuekin… baina, aldi berean, isolatuz eta lanean arreta jarriz, doikuntzak eginez, hain garrantzitsua den partida irabazi ahal izateko”, nabarmendu du Txantreakoak.
Faltan botatzen ditu zaleak. Euskal final hau atzeratu egin zen beraiek zelaian egoteko asmoarekin, baina ez da posible izango euren arnasa La Cartujan sentitzea: “Jakina, faltan botako ditugu, denbora honetan guztian zehar San Mamesen egin dugun bezala, eta are gehiago orain, final batean, derbian, bizi dezakeguna bezalako gau batez gozatzeko dagoen gogoarekin”.
Gogoan ditu aurreko talde teknikoa eta taldekide ohiak, Granadako itzuliaren ostean final honetara sartzea erraztu zutenak: “Ez ditugu ahazten, oso presente ditugu, finalera iristen lagundu ziguten, iaz Kopan egindako ibilbide gogorraen ondoren. Oso pasionala izan zen guztia, asko borrokatu genuen, edozein oztopo gainditu genuen, beti aurrera eginez. Jakina, titulua lortzen badugu, haiena eta gurea izango da. Oso gertu sentitzen ditugu eta beraiengatik ere lortu ahal izatea espero dut”.
Bukatzeko, zuhurtasun mezua bidali nahi izan du Muniainek finalaren egunari begira: “Superkopan ikusi genuen. Estasi eta poz uneetan, jendeak modu zentzudunean ospatzen jakin zuen, ziur nago jendeak gauza bera egingo duela Kopako finalean, gertatzen ari den guztiaz jabetzen delako”.