undefined

“Egin ditugun gauza onekin geratu behar gara”

“Egin ditugun gauza onekin geratu behar gara”

Marcelino Garcia Toral, gaurkoan hiru puntuak lortu ez arren, baikor da lehoiek datorren larunbatean Bartzelonaren aurka jokatuko duten Kopako finalerako

Marcelino Garcia Toral hedabideen aurrean agertu da bere taldearen, Athletic Cluben, eta Alavesen arteko neurketaren amaieran. Golik gabeko berdinketak zapore gazi-gozoa utzi du entrenatzaile asturiarrarengan, baina honek San Mamesen jokatutako partidaren alde positiboetan jarri du arreta: “Egin ditugun gauza onekin gera gaitezke. Normalena markagailuan aurretik jartzea zen, joko mailari eta abagunei erreparatuz gero. Areatan asmatzeak asko baldintzatzen gaitu. Pozik nago akats larririk egon ez delako, eta golik jaso ez dugulako. Irregularrak izan gara une batzuetan, eta hori ez zait gustatzen. Aurre egin eta gainditu behar dugun egoera hau da”.

Hasierako hamaikakoan izandako aldaketengatik galdetuta, Marcelinok jokalariei atsedena ematearen garrantzia azpimarratu du: “Horrela erabaki dugu, bi partida daramatzagulako jokalari berdinekin jokatzen. Anbizioa eta ilusioa ditugu, baina hainbat txapelketekin ligan garaipenak bata bestearen atzetik lortzea zaila egiten zaigu. Uste dut horixe gertatu zaigula”.

Orain bai, datorren larunbatean Bartzelonaren aurka jokatuko den Errege Kopako finalari begira dago taldea. Entrenatzaile zuri-gorriak baikortasunez eta ilusioz hartuko du partida: “Badakit nire taldeak ondo lehiatuko duela. Gainera, duela gutxiko esperientzia dugu, eta badakigu zer akats ez dugun errepikatu behar. Hortik aurrera, irabazteko asmoarekin bideratuko dugu finala. Akatsik ez egiteak, aurkari guztiek sortzen dizkiguten gol aukera urrietan oinarrituta, eta gaur sortutako aukerekin batera, baikor sentiarazten nau”.