undefined

“Bartzelona da faboritoa, baina guk ilusio bikoitza dugu”

“Bartzelona da faboritoa, baina guk ilusio bikoitza dugu”

Dani Garciak larunbateko Kopako finalaren aurkariaren maila onartu du, baina La Cartujan Bartzelona gainditu ahal izatea espero du

Dani Garciak hedabideen galderei erantzun die Athletic Clubek FC Bartzelonaren aurka datorren larunbatean (21:30ean) La Cartujan jokatuko duen 2020-21 Errege Kopako finaletik bost egunera.

Iragan astean, Realaren aurkako finalean galdu eta gero, zaila izan zela onartu du jokalari zuri-gorriak, baina taldeak egoera iraultzea lortu du: “Zaila da, baina lortu dugula uste dut. Bigarren finala da, baina lehenengoa balitz bezain motibatuta gaude. Duela hiru hilabete, astebetean Madrili eta Bartzelonari irabaztea lortu genuen eta talde maila onean bagaude, Kopa bat berriro altxa dezakegula uste dut. Nire bizitzako neurketa garrantzitsuenetako bat da. Aurrekoan galdu genuena futbolak itzultzea espero dut”.

+Bartzelona bezalako aurkari baten kontra jokatzeagatik taldeak jasan dezakeen balizko presio gehigarriari dagokionez, Dani Garciak ez du uste aldatuko denik: “Ez dut uste aurkaria Bartzelona izateak presio handiagoa edo txikiagoa izatea eragingo duenik. Munduko talderik onenetakoa da eta faboritoak dira, baina badakite aurrean hamaika jokalariek dena emango dutela. Guretzat aukera paregabea da Athleticekin titulu bat altxatzeko eta, gainera, Europako txapelketan jokatzeko. Beste finala irabazi izan bagenu, gogotsu joango ginateke honetara. Hori ez da aldatzen”.

Erdilariak zaleen babesa eskertu du, nahiz eta lehen finalean porrota jaso: “Hurrengo egunean kalera irten nintzen txapela eta betaurrekoekin, eta laster konturatu nintzen barregarri nengoela, babes mezuak besterik ez ditudalako jaso eta nire pentsamendua aldarazi didatelako. Nik eta nire taldekideek eskerrak eman nahi dizkiegu zaleei, oso babestuta sentitzen garelako”.