undefined

“Taldeak aurrerapausoa eman du”

“Taldeak aurrerapausoa eman du”

Iturregik Erika Vazquez eta Lucia Garcia berreskuratu ditu bihar Unben jokatuko den euskal derbirako

Iraia Iturregi  agertu da hedabideen aurrean bihar Unben jokatuko duten Euskal derbia jokatzeko 24 ordu baino gutxiago falta direla. Primera Iberdrolako hogeita seigarren jardunaldiari dagokion norgehiagokarako, Loiukoak Erika Vazquez eta Lucia Garcia berreskuratuko ditu, “bi jokalari desorekatzaile dira, edozein unetan partida irabazteko moduko egoerak sor baititzakete”.

Eibarko taldearen aurkako partidaren ondoren EDF Logroñoren aurka jokatuko du etxean datorren astean eta Iraiak oso epe laburreko helburuak ditu. “Badakigu hurrengo bi partiden ostean ‘Tourmaleta’ iritsiko zaigula, goiko aurkarien kontrako sei partidarekin. Neurketa horiei 34 punturekin aurre egitea hobe litzateke. Helburua 6 puntu lortzea da, azken zatiari lasaiago baina erlaxatu gabe jokatzeko”.

SD Eibar, ondo landutako taldea

Biharko neurketari dagokionez, Iraiak aitortu du errebantxarako gogoa duela, Eibarren aurka debuta egin baitzuen Lezaman, eta armaginak penaltiz nagusitu ziren luzapenean. “Aurkariarengatik eta zelai deserosoagatik partida zaila izango da. Eibarrek azken metroetan min egin diezazuketen jokalariak ditu. Thembi Kgatlana oso arriskitsua da edozein partidatan. Dorronsorok lan ona egin du eta taldeak, dinamikak gorabehera, egiten duen horretan sinesten du eta maila mentalean indartsua da”.

Lehoiek sentsazio onekin egiten diote aurre derbiari. “Entrenatzaile zorrotza naiz. Une honetan, taldean dagoen egoeran garrantzitsuena emaitzak dira, baina sentsazio horiek leuntzen joan behar da. Taldeak hobetu beharreko gauzak ditu oraindik. Jokalari ausartenak eta erosoenak ikusi ditut baloiarekin. Taldeak aurrerapausoa eman du”.

Athletic Cluben deialdia

Iturregik 20 jokalari deitu ditu biharko: Andrea de la Nava, Amaia Peña, Andrea Sierra, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Maria Diaz, Yulema Corres, Jone Ibañez, Marta Unzue, Eunate Arraiza, Sophie Istillart, Ane Azkona, Lucia Garcia, Marta Perea, Erika Vazquez, Vanesa Gimbert, Leyre Monente eta Irene Oguiza.