
Garaipenera itzultzera San Mamesen
Garaipenera itzultzera San Mamesen
Athletic Katedralera bueltatuko da (igandea, 21:00etan) garaipenaren bila, ligan bost berdinketa jarraian lortu ostean
Athleticek Atletico Madrilen aurka Ligako 32. jardunaldia jokatuko du etxean, San Mamesen, igande honetan (21:00etan). Lehoiek bost berdinketa jarraian lortu dituzte ligako azken jardunaldietan, Granadaren aurka San Mamesen irabazi eta Simeonen taldearen aurka Madrilen galdu zutenetik (urtarrilean jokatu behar zen partida baina elurtearengatik atzeratu egin zen).
Marcelinoren taldeak ligako titulua lortzeko lanean ari den Atleticoren aurka jokatuko du orain. Borroka berean Real Madril (hiru puntu gutxiago ditu), Bartzelona (bost puntu gutxiago, baina partida bat gutxiagorekin) eta Sevilla (sei puntu gutxiagorekin) daude.
San Mamesen bi taldeen arteko neurketen balantze historikoa lehoien aldekoa da. Ligan jokatutako 83 partidetatik, Athleticek 42 aldiz lortu du garaipena, 16 aldiz berdindu du eta 25 aldiz galdu du. Zurigorriek ez dituzte madrildarrak menderatzen San Mamesen 2018-19 denboralditik, Williams eta Kodroren golek (2-0) garaipena eman ziotenetik. Aurreko denboraldian, berdinketarekin (1-1) konformatu behar izan zuten bi taldeek San Mamesen.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Atlético de Madrid

