undefined

Bilbao Athletic garaipenaren bidera itzuli da

Bilbao Athletic garaipenaren bidera itzuli da

Bilbao Athletic Tudelanori gailendu zaio Nico Serranoren bi golei eta Victorren golari esker partida irauli eta gero

Bilbao Athleticen partida biribila, albiste onez betea 3-1eko emaitzarekin lortutako garaipenean. Hiru puntuak, Tudelanoren hasierako golari buelta ematea eta beste hiru lehoikumeren debutak (Hugo Rincon, Luis Bilbao eta Xabi Arberas), datu positibo aipagarriak dira gaurkoan, izan ere, talde zuri-gorria garaipenaren bidera itzuli da, bigarren fasea amaitzeko partida baten faltan.

Bilbao Athletic ezustean harrapatu zuen Tudelanok hasieran. Talde nafarra aurkariaren zelaian ezarri zen eta bereak izan ziren aukerarik onenak. Horren ondorioz, epaileak penaltia adierazi zuen Rinconek Rodrigezi egindako faltan, eta Suarezek ez zuen barkatu hamaika metroetatik. Hortik aurrera, lehoikumeak, euren jokaldiak hobetzen joan ziren, eta Otañoren areara hurbiltzen hasi ziren ere. Joseba Etxeberriak zuzentzen dituen gizonen lehen abagunean, Bilbao Athleticek partida berdintzea lortu zuen. Jasok, aurkariaren zelaian, pasea eman zion Ewani eta honek, orpoz, egoera ezin hobean utzi zuen Serrano 26. minutuan, neurketa berdintzeko.

Bilbao Athletic hazi egin zen minutuek aurrera egin ahala eta aukera ugari izan zituen. Hala ere, aldageletatik igaro ondoren lortu zuen aurretik jartzea. Victorrek, Nico Williamsek emandako pase bikain baten ostean, 2-1ekoa jarri zuen markagailuan, 49. minutuan, erremate eder batekin. Hiru geroago, arratsaldeko gola iritsi zen, Serranok bere bikote partikularra sinatu zuenean Otaño bere zelaitik gainditu ondoren. Gogoan gordetzen diren goletako bat. Etxeberriaren taldeak errenta handitzeko aukera izan zuen, baina ez zuen gol gehiago sartzerik lortu. Ez zuen behar izan.

Bilbao Athleticen garaipen garrantzitsua, bigarren faseko partida bakar baten faltan lider izateko aukerak oraindik badituelako, eta mailaz igotzeko playoffari begira ere, errefortzu nabarmena baita.