IKEArekin ituna Lezamarako
Athletic Clubekin lankidetza sinatu du lehen taldearen eraikinerako, egoitzarako eta Smart Nutrition Lab proiekturako
Athletic Clubek eta IKEAk ituna egin dute taldeen ongizatearekin eta osasunarekin lotutako proiektu estrategikoetan elkarlanean aritzeko, Lezamako kirol instalazioetan espazio adimendun eta funtzional berriak diseinatuz. Zehazki, akordio horrek bi jardun-arlo aurreikusten ditu. Hasiera batean, IKEAk Smart Nutrition Lab proiektuaren garapenean parte hartuko du, eta hortaz, inauguratu berri den lehen taldearen eraikineko jangelan ezarriko den nutrizio-laborategia diseinatuko du.
Bestalde, Athletic Clubek harrobiaren egoitza berriko 30 logelen ekipamenduan enpresaren laguntza izango du eta uda honetan prest egongo da.
David Cajal IKEA Barakaldoko zuzendariak eta Aitor Elizegi presidente zuri-gorriak sinatu dute akordioa.
Lankidetza estrategiko horren barruan, IKEAk konponbide funtzionalak eskainiko ditu lehen taldearen jantokiko hainbat gunetarako, hala nola kafe-gunea, bilera azkarrak eta itxaronaldiak, eta Smart Nutrition Lab, non nutrizioarekin esperimentatuko den.
Egoitza berriari dagokionez, 30 geletarako interiorismo proiektu batez arduratuko da eta erosotasun, atseden eta loaren kalitateari buruz duen ezagutza guztia erabiliko du. Proiektu hau hasteko, harrobiaren jokalarien beharrak aldez aurretik ikertu behar dira, Athletic Clubek izendatutako entrenatzaile, nutrizionista, psikologo, irakasle eta tutoreen taldearen bidez, erakundeko Berrikuntza taldearekin elkarlanean. Gainera, jokalariek prozesu horretan parte hartuko dute.
Aitor Elizegi: “IKEAk eta Athleticek bat egiten dute mende honetan, Lezamak berrogeita hamar urte bete ditu eta enpresak, laurogei. Talentu gaztean, babes integralean, sinesten duten bi proiektu dira. Etorkizunari begiratuz, erantzukizun-proiektu bat edukiz. Uste dugu harrobiak aurrera egin dezakeela, babestuta eta lagunduta. IKEAk eta Athleticek bat egin dute orainari eta etorkizunari begira aurrera egiteko”.
David Cajal: “Ilusio handiarekin egiten dugu bat proiektu honekin. Mundu guztiak du benetako etxea izateko eskubidea, baita egoitzara ametsez beterik iristen diren harrobiko jokalariek ere. Gure helburua da bere egunerokotasuna hobea izan dadin espazio bat diseinatzea, atsedenerako, ordenarako eta antolaketarako gela onenari buruz dugun ezagutza aplikatuz, bai eta bizitza jasangarriagoa eta osasungarriagoa izateko elementuak ere. Gainera, elkarlan horrek ikasteko eta berritzeko aukera ematen digu, etxeko bizitza hobetzen jarraitu ahal izateko”.