undefined

Bilbao Athleticen azken igoera Bigarren Mailara

Bilbao Athleticen azken igoera Bigarren Mailara

Lehoikumeek bi partidetara irabazi zieten Villanovenseri, UCAM Murtziari eta Cadizi 2014-15 denboraldian

Bilbao Athletic aukera paregabe baten aurrean dago berriro. Igande honetan (20:00etan), Joseba Etxeberriak zuzentzen dituen lehoikumeek Burgos CF taldearen aurka jokatuko dute Espainiako futbolaren zilarrezko mailan toki bat ziurtatzeko. 2014-15 denboralditik ez da Bigarren Mailara igo, Kuko Zigandaren aginduetara zegoen taldeak playoffetako hiru kanporaketak gainditu zituenean.

Lehen aurkaria Villanovense izan zen. Extremadurako taldea bi partidako kanporaketan gainditu behar zuten. Lehenengoa, Villanovense estadioan jokatu zena, (denboraldi honetako finalerako txartela lortu zuten futbol zelai berdinean) galdu egin zuten 2 eta 1, baina San Mamesen kanporaketari buelta eman zioten Gorka Iturraspe eta Santamaríak sartutako golei esker.

Talde zuri-gorriak UCAM Murciarekin egin zuen topo ondoren. Zigandaren jokalariek Sabin Merinoren golari esker erabaki zuten joaneko partida San Mamesen. Hurrengo astean, Bilbao Athletic La Condomina zelaira joan zen eta bertan asmatu zuen, Villanovenseren aurka bezala, neurketako azken minutuetan. Gorka Iturraspek 84.ean sartutako golak talde unibertsitarioaren hasierako gola berdindu zuen eta playoffetako azken kanporaketarako txartela eman zien gazteei.

Azken pausoa Cadizen aurka izan zen. Talde andaluziarrak San Mames bisitatu zuen lehendabizi, bi eta hutseko emaitzarekin. Ordu erdia baino lehen, Santamariak, bi aldiz, etxekoen golak sartu zituen. Itzuliko partida falta zen Ramon de Carranza zelaian. Horitxoek presio asko sartu zieten lehoikumeei eta abantaila orokorra murriztea lortu zuten Jonak sartutako golari esker. Zigandaren mutilek sufritzen jakin zuten eta, partidako azken jokaldian, Salinasek berdinketaren gola sartu zuen Bilbao Athletic Bigarren Mailarako igoera ziurtatzeko.