undefined

Real Madrilen lehen bisita Lezamara

Real Madrilen lehen bisita Lezamara

Iturregiren taldeak Lezaman lehen aldiz bigarren postuan dagoen talde madrildarren kontra jokatuko du, FC Bartzelonaren aurkako porrot gogorra atzean uzteko asmoz

Joan den asteazkenean Bartzelonan izandako porrot gogorraren ostean erreakzionatu egin behar da Real Madrilek Lezamari egingo dion lehen bisitan. Talde madrildarra bigarren postuan dago eta borroka interesgarria du sailkapenean atzetik duen Levanterekin, lehoien hurrengo aurkaria ekainaren lehen asteburuan.

David Aznarren taldea indartsu hasi da Primera Iberdrolan bere lehen urtean, eta ezustekorik ezean Txapeldunen Liga jokatuko du datorren denboraldian. Proiektu berria izan arren, Real Madril indartu egin zen joan den udan, nazioarteko jokalariekin, eta bigarren talderik golegileena da FC Bartzelonaren atzetik. Kategoria honetako bigarren talde bisitaririk onena ere bada, eta Valdebesaetik kanpo jokatu dituen azken bost partidak irabazi ditu. Azken jardunaldian Eibarri irabazi zion etxean. Asllani eta Cardonaren zain egon beharko da, 15 eta 11 golekin hurrenez hurren, Sofia Jackobsson suediarrak hegaletik sortzen duen arriskua ahaztu gabe.

Athletic Cluben eta Real Madrilen arteko neurketa bakarra Valdebebaseko joaneko partida da, non madrildarrak nagusitu ziren (1-0) Marta Cardonaren golari esker 15. minutuan. Norgehiagoka oso parekatua izan zen eta lehoiak, partida hartan sentsazio onak izan zituztenak, eta punturen lortzetik gertu geratu ziren. Errebantxa bihar etor daiteke Iturregiren neskek azken asteetan erakutsitako lasaitasun eta konfiantzarekin jokatzea lortzen badute.