
Aurkari gogorra azken txanpari ekiteko
Aurkari gogorra azken txanpari ekiteko
Lehoiek sailkapenean bigarren postua lortzeko borrokan dagoen Levanteren zelaian jokatuko dute bihar
Ekaina hasi da eta horrekin batera lehoientzako Primera Iberdrolaren azken txanpa. Lau jardunaldi falta dira, horietako bat Bartzelonaren aurkako lehen itzuliko partida, 2020-2021 denboraldiari amaiera emateko. Kanpaina pandemikoa izan da, eta taldeak bolada txarrena ezagutu du. Horrela, bada, eta salbazio matematikoa besapean hartuta, lau norgehiagoka geratzen dira lehiatzeko, hurrengo denboraldia prestatzen joateko eta sailkapenean ahalik eta leku onenean amaitzen saiatzeko. Lehen aurkaria Levante UD izango da, igande honetan, Buñolen.
Maria Pryren taldeak borroka gogorra du Real Madrilekin sailkapeneko bigarren postua lortzeko. Hirugarren postuan geratuta ere, Levanteko taldeak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortuko luke. Joan den astean Levantek Erreginaren Kopako finala jokatu zuen Bartzelonaren aurka eta 4-2 galdu zuen norgehiagoka lehiatuan eta denboraldi osoan zehar talde valentziarra ematen ari den maila bikaina ikusi ahal izan zen.
Hala ere, Levante UD taldeak txapelketako pitxitxia dauka, Esther Gonzalez. Andaluziarrak 27 gol lortu ditu eta Alba Redondorekin batera, erasoan jokalaririk arriskutsuenetarikoak dira. Valentziako taldeak maila handiko jokalariak ditu lerro guztietan eta Lezaman jokatutako joaneko partidan 0-2 irabazi zuen Andonovak eta Naroa Uriartek bere atean sartutako golei esker. Biharkoa oso norgehiagoka zaila izango da eta lehoiek, 2015-2o16 denboralditik ez dute punturik lortu Buñolen.
Erlazionatutako partidak
Levante UD - Athletic Club

