undefined

Historia duen ezkutua

Historia duen ezkutua

Athleticen ezkutuak bilakaera izan du historian zehar. Erabilitako bertsio batzuen errepasoa egingo dugu

Athletic tradizioak asko babesten dituen kluba denez, badirudi alderdi asko ez direla aldatu 1898an futbol taldea sortu zenetik. Hala ere, ehun urte baino gehiagoko historia duen club batean gutxi dira aldaketetatik kanpo geratu diren elementuak. Osagai horietako bat, balio sinboliko handikoa, klubaren ezkutu ofiziala da. Hala eta guztiz ere, bidezkoa da onartzea Athleticen ikur ofizial gutxi egon direla historian zehar, baina, horregatik, aldaketak esanguratsuak izan direla. Lerro hauetan Athleticen ezkutuaren bilakaeraren errepasoa egingo da.

Lehen ikur ofiziala 1902an dokumentatu zen. Jose Maria Mateos kaztariak honela zion hitzez hitz: “Erdian balio bat urdinez eta zuriz, erdian A eta C letrak elkarlotuta dituela”.

Dokumentu-erreferentzia hori urte horietan gorde ziren aztarna urriekin berresten da: gutun ofizialen goiburuekin, bazkideen txartelekin eta jokalarien kamisetetan bertan, adibidez Juan Mosser jokalariak 1903an Bordeleko Burdingalaren auka jokatu zuen partidako kamisetan.

 

Athleticen jatorrizko ezkutua. 1902. urtea.

 

Uste izatekoa da logoa 1910. urtera arte mantendu zela, urte horretan aldatu baitzen jatorrizko kamiseta urdina eta zuria jada tradizionala den marradun zurigorriagatik. Ziurrenik, ekipajearen aldaketa horrek ekarri zuen ikurraren eraldaketa nagusia historian zehar. Izan ere, ezkutua eta janzkera beti elkarri estu lotuta joan dira, kolore berberak erakutsiz.

1912-1913 denboraldian lehen aldiz agertu zen kolore gorria Athleticen ikurrean. Hortik aurrera bazkide-txarteletan, prensa-txarteletan eta gainerako paper ofizialetan gorria eta zuria klubaren bereizgarri bihurtuko dira. Elementu berri gisa bandera sartuko da eta aurreko A eta C letrak, Athletic Club letrak, mantenduko dira.

 

1913. urtean erabilitako goiburua.

 

Garai hartan, eta modu garaikidean “ezkutu berri” bat agertzen da. Bertan, A eta C letrak dituen bandera zuri-gorriak jarraitzen du, baina gainera baloi bat gehitzen zaio eta ertza edo errematea urdina duten izar horiak. Trantsizioko logoa da, eta klubaren iragana eta Bilboko tradizio sakoneko kolore berriak erabiltzeak zekarren berrikuntza biltzen ditu. Uztarketa egoki hori ezkutu honek gaur arte izan duen ibilbide luzeak bermatu du.

 

10eko hamarkadako lehenengo urteetan erabilitako ikurra.

 

Aipatutako bi ikurrei taldeak 1913ko abuztuaren 21ean San Mames zelaiaren inaugurazioan erakutsi zuen ezkutua gehitu behar zaio. Egun horretan erabilitako sinboloa taldeko atezaina izan zen Cecilio Ibarrecheren familiak gordetzen du. Ezkutuan mende hasierako A eta C letra klasikoak agertzen dira, Bilbo eta Bizkaiko dibisek apainduak.

 

Ibarreche atezainak 1913ko abuztuaren 21ean San Mames zelaiaren inaugurazioan zuen ezkutua.

 

Ezkutuaren bilakaerak urrats berri bat eman zuen hamarreko hamarkadaren amaieran, eta haren diseinua gaur egungo ikur ofizialaren aurrekari hurbila bihurtu zen. Bertan, jatorrizko urdina, 1902ko A eta C letrekin mantentzen da. Horretaz gain, San Antongo zubia eta Lope de Haroren etxeko otsoak ageri dira, Gernikako zuhaitzarekin bat. Berritasun nagusia kamisetaren banda bertikalaren agerpena da. Azpimarratu behar da ezkutu hau Atletico Madrilen ia berdina dela, lehen Athletic Club de Madrid deitzen zena eta garai hartan Bilboko taldearen filiala zena.

 

1922/23 denboraldiko kromo bilduma batean agertzen den ezkutua.

 

Chomin Acedoren kamisetan brodatutako ezkutua.

 

1910eko hamarkadaren amaierako gorbata-orratza.

 

Aurreko irudikapenaren jarraibideei jarraituz, Athleticek hartu zuen hurrengo ezkutua gaur egun indarrean dagoena da, dokumentu ofizialetan 1922an lehen aldiz agertu zena. Honetan klubaren eta hiriaren izenak gehitzen zaizkio eta bere forma aldatzen da, alboetatik zabalduz.

 

Athleticen ezkutu ofizialak.

 

Ikur hau, gutxienez, 1922tik 1941era eta 1972tik gaur egun arte egon da indarrean. 1941etik 1972ra bitarteko urteetan, Francoren erregimenaren ondorioz izena erdaldundu behar zen, Athletic Club izatetik Atletico de Bilbao izatera igaroz. Honekin, ezkutuak ere aldaketa txiki bat jasan behar izan zuen, jatorrizko izena Atleticoren gobernu izendapenagatik ezabatuz. Atletico de Bilbao izena 1941eko otsailaren 1etik 1972ko uztailaren 26ra arte mantendu zen indarrean.

 

Athleticen ezkutu ofiziala 1941etik 1972ra arte.

 

Athletic Club titulua itzulita, ezkutuak 20. hamarkadako formatu bera berreskuratu zuen. Ehun urte bete ditu dagoeneko bere diseinuak. Klubaren emblema bat da eta, batez ere, hiriko subkontziente kolektiboaren parte da.

 

Athleticen gaur egungo ezkutua.

 

*Asier Arratek, AC Museoko zuzendariak, 2000. urteko abenduaren 28an Athletic Clubeko aldizkari ofizialean argitaratutako artikuluaren eguneratzea.