undefined

Urtebete jenderik gabe San Mamesen jokatutako lehen partidatik

Urtebete jenderik gabe San Mamesen jokatutako lehen partidatik

2020ko ekainaren 14an jokatu zuen Athleticek Katedralean COVID-19agatik zalerik gabe jokatu dituen 26 partidetatik lehena

Gaur urtebete bete da COVID-19ko berrogeialdiak eragindako etenaldiaren ostean Athletic Laligan berriro lehiatu zenetik. Lehoiek 2020ko ekainaren 14an jokatu zuten lehen partida San Mamesen, Atletico Madrilen aurka. Bi taldeek omenaldia egin zieten pandemiaren ondorioz hildako bazkide eta zaleei.

Iker Muniain eta Koke Resurreccion kapitainek bi lore-sorta utzi zituzten eserleku beltz baten gainean, Katedraleko tribunan, eta minutu bateko isilunea egin zen zelaian.

Zuri-gorriek berdinketarekin estreinatu zuten txapelketako bigarren etapa atipiko hau. Muniainek 37. minutuan sartutako gol batek aurretik jarri zituen lehoiak, baina bi minutu geroago Diego Costak bana berdindu zuen partida eta horrela bukatu zen neurketa.

Katedralean jokatu zen berriro, jenderik gabe eta harmailetan ia erabateko isiltasunarekin. Futbolariek, entrenatzaileek eta Lehen Mailako partida batean parte hartzen duten langile guztiek osasun eta segurtasun protokolo berrietara egokitu behar izan zuten: partiden aurretik nahitaez egin beharreko PCR probak, zelaiaren sarreran tenperatura neurtzea, eskularruak eta gel hidro alkoholikoa, estadioak koloreen arabera banatzea eta eremuen arteko mugimendua mugatzea…Baina, batez ere, zaleen falta gainditu behar izan zuten.

Segurtasun-protokoloen aldaketez gain, jokoan ere aldaketak izan ziren. Hiru leihoetan bost aldaketa egiteko aukera edo hidrataziorako geldialdiak (denbora bakoitzeko 20. minutuan), ekainean eta uztailean Estatuko eremu askotan izaten diren tenperatura altuei aurre egiteko.

Lehiaketa amaitu ahal izan zen, Athleticen kasuan uztailaren 19an Granadan, eta irailean ekin zitzaion berriz ere, harmailetan oraindik zalerik egon gabe. Iazko ekainaren 14tik, 26 partida jokatu dira San Mamesen, 25 ligan eta 1 Kopan (Levanteren aurkako finalerdiko joaneko partida), zalerik gabe.