undefined

Elastiko zuri-gorriaren diseinua historian zehar

Elastiko zuri-gorriaren diseinua historian zehar

1910etik gaur egun arte Athletic Clubek izandako kamiseten errepasoa egingo dugu

Marrak

Klubaren historiaren zatirik handienean, elastiko zuri-gorriak marra bertikal zurigorriak izan behar zituen, diseinuaren alderdi txikiak gehiegi aintzat hartu gabe, hau da, kirol-marken diseinatzaileek zigilu partikular batekin jantziak egiteko azken hamarkadetan jokatu dituzten xehetasunak kontuan hartu gabe. Hala ere, kamisetaren diseinuaren ibilbide historikoa marraztea ahalbidetzen duten hainbat elementu zerrendatu daitezke. Elementu horiek, janzkera berri bakoitzaren itxura desberdinak ahalbidetzen dituztenak, honako hauek dira:

Alde batetik, aurreko aldearen marren kopurua eta lodiera bereiztu behar da, bakoiti ala bikoitiak diren zehaztu eta, azken kasu honetan erdiko marraren kolorea desberdindu, gorria zein zuria.
Bestalde, zuriak ia ñabardurarik onartu ez arren, gorrien gama, biziagoenetatik granate-koloretik gertu daudenera arte, desberdintzeko beste irizipide bat izan da, bereziki, azken urteetan.

Lepoa

Lepo mota osagai garrantzitsutzat jo daiteke, jantziaren goiko aldearen errematea besterik izan ez arren, janzkerari ezaugarri bereizgarria ematen dio.
Printzipioz, sailkatzeko hiru oinarrizko irizpide ezar daitezke: alkandoraren lepoarekin, lepo biribilarekin eta puntakoak direnak.

Elastikoa

Elastikoak, lepoarekin, irekiak zein erdi-irekiak eta botoidunak, jada egiten ez badira ere, 60. hamarkadara arte ohikoak ziren. 1970. urtetik aurrera, kamisetak izan ziren nagusi.

Sakelak, eskumuturrak, dortsalak, ezkutua, logoa, publizitatea eta beste xehetasun batzuk

1930etik eta 60. hamarkadara arte, sakelak ezkerreko bularraren parean jarri ohi ziren. Mahuka luzedunen janzkeren eskumuturrek sakelak bezala aldaketak izan dituzte. Lehen ekipazioa alkandoraren antza zenbat eta gehiago hartu, gero eta aukera handiagoak sakelak eta eskumutur botoidunak izateko.

1948. urtean atzekaldean dortsalak jartzen hasi ziren. Hainbat hamarkadetan, 1995/96 denboraldira arte, kamisetak pertsonalizatu egin ohi ziren, eta horrez gain, zaleek ontzat ematen zuten 1 zenbakia atezainari zegokiola; 2a atzeko eskuineko hegalekoari; 3a atzeko ezkerreko hegalekoari; 4a eta 5a atzeko erdilariei; 6,8 eta 10a erdilariei; eta 7, 9 eta 11a aurrelariei, azken hau aurreko ezkerreko hegalekoa izanik. Dena den, egia da izendatze hauek teorikoak zirela, dortsal batzuk, gehienbat 4a eta 6a, aldatzen baitziren. Adibidez, 70. hamarkadan Igartua erdilariak, 4 zenbakiarekin jokatzen zuen bitartean, Larraurik, erdiko atzelariak, 6a zeraman.

Athletic Clubek ezkutua bularrean jarri zuen lehenengo denboraldia 1974/75ekoa izan zen. Antzinako elastikoetan, batez ere urdinez eta zuriz zatikatzen ziren jantzi klasikoetan, bazeuden bularrean ezkuturen bat josita azaltzen zirenak, baina 1913tik aurrera desagertu egin ziren. 1981/82az geroztik, logoa agertzen da lehoien kamisetetan. Lehenik eta behin, atezainen jantzian agertu zen eta, geroago jokalarien kamisetetan. Adidas markako Trefoil delakoak aro berri bati hasiera eman zion kirol jantzien merkaturatzearekin batera.
Azkenik, publizitatea 2008/09ra arte ez zen gure lehoien elastikoetan ikusten; Petronor izan zen babeslea. 2015/16 denboralditik aurrera Kutxabank da kamisetan bere izena jartzen duen entitatea. Lehenago, 2004/05ean, eta UEFA Koparako, Euskadi hitza ezarri zen kamisetan baina instituzio-marka eta ez komertziala izan zenez gero, ez omen zuten berez publizitatetzat hartu.

Fabrikazioa: Jostundegi ingelesetik New Balance markara

Ezbedintasuna nabarmena da soilik jokalarien erabilerarako “markarik gabe” diseinatuak izan ziren kamiseten eta geroko merkaturatze publikorako egindako jantzi haien artean. Ikuskera orokor desberdin honen ondorioek diseinuarekiko eta fabrikazioarekiko eragina dute. Ez da gauza bera jostundegi edo ehun-lantegi batek 100 jantzi egitea ehun zuri-gorri zehatz bateko eredua hartuta, 70. hamarkadara arte gerta zitekeenez, eta multinazional batek milaka eta milaka kamiseta, tailu guztietan eta oso merkatu desberdinetan, saldu nahi izatea.

Txikizkako etxeko fabrikazioak ekartzen zuen artisau-lanak marren kopurua eta diseinuaren garrantzi txikiko beste aspektu batzuk -lepoa, eskumuturrak eta sakelak- baldintzatzen zuen. Talde bateko hasierako hamaikakoko jokalariek kolore desberdineko marrak jantzi ahal zituzten, eta ez zitzaion inori axola. Gauza bera gertatzen zen sakelekin, ehun orokor beraren oihalkiz josia, diseinu zuri-gorri desberdinak txandakatzen ziren erabilitako ehunaren zatiaren arabera. Lepoak zuri-gorriak edo zuriak edo gorriak ere izan ohi ziren.

Inbentarioak: erabilerak elkarren segidako zenbait denboralditan

80. hamarkadara arte, kamiseta bera elkarren segidako zenbait denboralditan erabil zitekeen edo bestela eskumendeko taldeentzako zen. Denboraldi amaiera bakoitzean, Klubak inbentarioa egiten zuen erabilgarri ziren jantzien kopurua erregistratua geratzen zelarik, eta izakinen arabera, jantzi berriak erosten ziren.

Lau aro handi

Aurreko guztia kontuan hartuz, kamiseta zuri-gorriko diseinuaren historia lau aro handitan sailka dezakegu:

1. 1911-1920 Aniztasuna

Hogeigarren hamarkadara arte, ez zegoen eredu bakarra lehoien jantzian. Kamisetak zuri-gorriak ziren, bai, baina gero bakoitza nahi zuen modura janzten zen. Jokalari batzuek alkandorako lepoak zeramatzaten, beste batzuen lepoa V itxurakoa zen kordoiekin, eta taldearen argazkian normaltasunez azaltzen ziren bakoitza bere jantziarekin. Jatorria ere ez dago zehaztuta, baina ez dago zalantzarik lehenengo kamisetak Elorduik Britaniar Uharteetatik ekarri zituela, kolore zuri-urdineetatik zuri-gorrietara aldatuz.

2. 1920-1970. Alkandoratik niki edo polorantz

50. urtetan zehar diseinuaren aldetik alkandoraren itxura hartu zen, lepoa eta erdiko irekidura botoiez josita. Jantzi honen bilakaera, orokorrean, modan alkandoratik polo edo nikira egindako aldaketarena bezala da. Alde batetik, erdiko irekidura hori pixkanaka-pixkanaka ixten doa 1967an botoiak desagertu ziren arte, lepoari eta V itxierari eutsiz. Jantzi hauek bertako lantegietan egiten hasi ziren eta garrantzi txikiko xehetasunak euren ardurapean zeuden, adibidez, erdiko marraren kolorea eta marren kopurua. 1959ra arte marren kopuruaren batezbestekoa 7ra gutxitu zen (tamainaren arabera), eta erdiko marra zuria izango da.

3. 1970-1980 Kirol eta merkatal-diseinu baterantz

1970/71 denboraldian, Athletic Clubek lepoak eta polo edo elastikoaren itxura baztertu eta lehendabiziz lepo borobil zuriak ezarri zituen. Diseinu modernorantz egindako lehen urratsa da, eta dagoeneko 80. hamarkadatik aurrera kirol jantziak egiteko nazioarteko marka ezagunen hazkundea egongo da. Mahuka laburrak, ehun erosoak, diseinu pertsonalizatuak… Izan ere, 70. hamarkadan, bertako lantegiei jantziak egiteko ez zaie jada eskatuko eta zuzenean nazioarteko markari erosten zaio, Adidas markari hain zuzen ere.

4. 1981-Gaur egunera arte. Kirol marken goren aldia

1981/82an, Athletic Clubeko elastikoetan lehen aldiz Adidas markako logoa ikus zitekeen. Aro berri baten atarian geunden, gaur egun gailurrean dagoena. Dagoeneko markak dira futbol taldeak euren produktuekin janzteko ordaintzen dutenak, etekin osoa zale edota bildumazaleen artean jantzien merkaturatze masibotik lortuz. Horretarako, urte batetik bestera modelo berri baten estreinaldia egiten da (Athletic Cluben kasuan, 2007az geroztik), eta lehen kamisetari bigarren eta hirugarrenak batzen zaizkio. Halaber, txapelketa edo finalak eta oroigarrizko partida bereziak daudenean diseinu esklusiboa duten elastikoak ere kaleratzen dira.

2017. urteaz geroztik, New Balancek egindako lehen kamisetarekin, Athleticek ikusi du bere azala modernizatzen joan dela, elastikoetan xehetasun gehiago sartuz, ukitu bereizgarria eman diotenak ekipazio guztiei, eta balio izan dutenak Euskal Herri osoan Athletic Cluben nortasunaren aintzatespena indartzeko. Kamiseta hauek izan dira azken lau urteotan Kopako finaletan (2020, 2021) eta Superkopan (2021) gurekin egon direnak.