undefined

“Sentsazio onekin joan nahi dugu oporretara”

“Sentsazio onekin joan nahi dugu oporretara”

Iraia Iturregik “FC Bartzelonaren bertsiorik onena” espero du bihar, eta nekatuta egon arren, bere jokalariek dena ematea denboraldiko azken bi norgehiagoketan espero du

Iraia Iturregik agerraldia egin du hedabideen aurrean FC Bartzelonaren bisita jasotzeko 24 ordu falta direnean; denboraldiko azken partida etxean. Loiukoak zalantza batzuk ditu norgehiagokari begira eta azken ordura arte ez du jakingo zein jokalari egongo diren jokatzeko prest.

“Taldea animoz ondo dago, atzo partida ona egin genuen. Nekatuta gaude, baina garrantzitsuagoa da nola gauden mentalki. Bihar sufrituko dugu maila fisikoan, bi partida jokatuko ditugulako 48 ordutan eta aurkari indartsu baten aurka. Astebete geratzen zaigu eta sentsazio onekin joan nahi dugu oporretara”, hasi zuen Iturregik.

Iturregi pozik dago bere taldeak Sevilla FCren aurkako garaipenean eman zuen mailarekin, izan ere, taldea bertikala izan zela eta partida osoan zehar sufritzen jakin zuela azpimarratu zuen. Monentek, Ogizak eta Aranak hasieratik jokatu zuten partida. Atzoko garaipenean publikoa izan zen harmailetan. “Jendeak jokoaren ekintzak estutzen ditu, publikoak indar hori ematen digu, bihar ere garrantzitsuak izango direla espero dut”.

“Aurkariaren bertsiorik onena espero dut”

Kataluniar taldeari dagokionez, “Badakigu zein den Bartzelonaren maila. Jende askok pentsatuko zuen joaneko partidan lasai egongo zirela Championsa irabazi ondoren, eta ez zuten maila jaitsi. Beste norgehiagoka batzuetan zailtasun gehiago izan dituzte eta akatsen bat izan dute. Aurkariaren bertsiorik onenaren zain nago. Europako talderik onenaren aurrean gaude”.

Joaneko partidako gol festari dagokionez (8 gol jaso zituzten lehoiek), Iraiak esan du: “nik ez ditut gauza horiek ahazten. Ez dugu horrelako egoerarik berriro gertatzea nahi”.