undefined

“Harrobia eta jokalarien esperientzia orekatu behar ditugu”

“Harrobia eta jokalarien esperientzia orekatu behar ditugu”

Iraia Iturregik adierazi du klubak “lan bikaina” egin duela hiru fitxaketekin, eta Lezamako jokalari gazteei ekarpen handia egingo dietela hauek

Iraia Iturregi denboraldi-aurreko lehen prentsaurrekoan azaldu da hedabideen aurrean. Athletic Clubeko entrenatzailea ilusioz beteta agertu da hasi berri den ikasturte berriarekin.

“Ezaugarri dugun identitate hori izan behar dugu, Athletic esentzia berdegunean islatu”, adierazi du Iturregik. “Ausartak eta bertikalak izan behar dugu. Gauzak ondo egiten baditugu, sailkapenean erditik gora egon gaitezke. Hiruzpalau taldek Europako postuengatik borrokatu behar dute, hori argi dago, baina sei bat taldeko bigarren multzoan egon gaitezke gu”.

Gaur egungo teknikariak iazko urtarrilean hartu zuen taldearen ardura. Orain hasieratik hasiko du denboraldia lehen aldiz: “Aurten hutsetik abiatuko gara. Iaz ikasturtearen erdian sartu ginen, eta mundu guztiari gustatzen zaio hasieratik hastea, burua garbi duzunean”.

Hiru fitxaketei dagokienez, Mariasun Quiñones atezaina, Itxaso Uriarte erdilaria eta Ainize Barea ‘Peke’ aurrelaria, honakoa adierazi du entrenatzaileak: “Klubak oso lan ona egin du. Denbora generaman hiru fitxaketen atzetik. Esperientzia ematen diguten jokalariak dira. Athleticen ezaugarri nagusia harrobia da, baina positiboa da eskarmentua duten jokalariekin eta bigarren taldeko jokalariekin taldea orekatzea, ondo ezagutzen ditut azken hauek”.