undefined

Nico Williams: “Hemen egoteaz harro nago”

Nico Williams: “Hemen egoteaz harro nago”

Aurrelari zuri-gorriak lehen denboraldia du lehoi gisa; “19 urterekin egoera kudeatzea zaila” dela esan du, eta “oso azkarra” izan arren, jokoan “lasaitasuna” behar duela onartu du

Nico Williams Lezamako prentsa aretoan estreinatu da, Alavesen aurkako derbiaren atarian. Williams anaietako txikia “ilusioz beteta” agertu da komunikabideen aurrean lehen taldearen dinamikan sartu den denboraldian.

Aurrelariak bizi duen guztia deskribatu du, bere gaztetasuna kontuan hartuta: “Zaila da egoera hau 19 urterekin kudeatzea. Lan, ilusio eta sakrifizio handiarekin ari naiz. Nire helburua taldearen alde lan egitea eta dena ematea da. Niretzat harro egoteko modukoa da Athleticen egotea. Lehen Mailan debuta egiteko ametsa lortu dut. Bigarren ametsa nire anaiarekin jokatzea zen. Orain hemen urte asko jarraitzeko helburua dut”.

Williamsek bederatzi partida jokatu ditu lehen taldearekin, guztiak Marcelino Garcia Toralekin: “Oso pozik nago entrenatzaileak ematen dizkidan aukerekin. 9 partida baino ez daramatzat Lehen Mailan, eta eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan lagundu didaten guztiei. Entrenatzaileak eskatzen dit area zapaltzeko, goletik gertu egoteko. Bizkorregi ez ibiltzeko eta nire ezaugarriak erabiltzeko eskatzen dit. Oso mutil azkarra naiz, baina lasaitasun pixka bat behar dut

Bere anaiak prozesu honetan izan duen garrantziari dagokionez, erabakigarria izan dela esan du Nicok: “Anaia beti saiatzen da ahalik eta gehien laguntzen, eta, gurasoekin batera, hona iristeko balioak irakatsi dizkit. Taldekideek ere lagundu didate. Ezagutzen nituen, baina orain konturatu naiz familia bat garela eta oso eroso nago eurekin”.