undefined

Martxan da Genuine taldearen denboraldia

Martxan da Genuine taldearen denboraldia

Athletic Club Fundazioak Lezaman egin du aurkezpena, normaltasuna berreskuratzeko eta Fair play titulu berria lortzeko grinarekin

Lezaman aurkeztu dituzte denboraldi berezi honetan Genuine taldean parte hartuko duten 45 kideak. Athletic Club Fundazioak entrenamenduak hasi ditu jada, normaltasuna berreskuratzeko eta Flair Play titulu berria lortzeko grinarekin. 2020ko otsailean Genuine taldeko lehoiek LaLiga Genuine-ren Bigarren Fasea jokatu zuten, eta, harrezkero, ezin izan dira lehiatu, pandemia dela eta. Alabaina, azken orduko ustekaberik ezean, Athletic Club Fundazioak Tarragonan jokatuko du berriz ere, azaroaren 13an eta 14an. Emozioz betetako asteburua izango da, eta 2019/20 denboraldiari amaiera emango dio, azken bi faseak bertan behera geratu baitziren Covid-19aren ondorioz.

Hasi berri duen urte honetan, Genuine taldea 45 futbolariz osatuta egongo da; horietako 4 emakumeak dira. Talde teknikoari dagokionez, Esteban Feijoo, Eli Ibarra, Igor Arenaza, Rocio Ybarra eta Nora Ercoreca izango ditu berekin berriz ere, eta aurten, Diego Feijook ere bat egingo du. Halaber, BBK Fundazioa izango da Genuine taldearen babesle nagusia beste urte batez. Aurkezpenean, Aitor Elizegi eta Juan Carlos Ercoreca, Athletic Clubeko eta Athletic Club Fundazioko presidenteak; Nora Sarasola eta Koldo Bilbao, BBK Fundaziokoak; Andoni Goikoetxea, Fundazioko enbaxadorea; eta Goyo Arbizu, Iker Goñi eta Oscar Beristain batzarkideak izan dira.

Adimen-desgaitasuna duten pertsonei bideratutako liga da LaLiga Genuine, eta gaur egun, 42 klubek parte hartzen dute osotara. Izan ere, aurten beste 6 klub sartu dira: FC Barcelona, SD Ponferradina, CF Fuenlabrada, Burgos CF, FC Cartagena eta UD Ibiza.

LaLiga Genuine Santander ligako antolatzaileak lanean ari dira buru-belarri, bukatu gabe geratu zen 2019/20 denboraldiari berrekiteko eta amaiera emateko eta 2022ko urtarrilean denboraldi berria abiarazteko asmoz. Hori guztia egoera soziosanitarioak helburuak betetzea ahalbidetzen badu, eta LaLiga Genuine Santander-en fase bat normaltasun osoz eta lehiaketan parte hartzen duten guztien osasuna zainduz gauzatu badaiteke.

Athletic Club Fundazioa 2021/22. Genuine taldea: Javier Barrutia, Joanes González, Aner Ponciano, Hodei Barandalla, Aitor Iturbe, Izaskun Cerrato, Jose Antonio González, Jon Ander Gil, Javier Núñez, Aitor Alberdi, Inaxio Mardaras, Iratxe Lobato, Beñat Herboso, María José Paul, Aitor Arregui, Josu Uriguen, Josué Delfín Cruz, Saioa Ortiz, Sergio Vadillo, Asier Gortazar, Oihan Garate, Jesus Gomendiorrutia, Jose Antonio García, Igor Porset, Josu Del Valle, Álvaro Urkidi, Luis Alberto Gómez, Alberto Hermoso, Endika Zamalloa, Fco. De Borja González, Oier Sadia, Jon Arroyo, Mikel Vaquero, Vicente Lucio, Ivan Gutiérrez, Inazio De La Torre, Bittor Iturburu, Adán Vila, Ander García, Evelio Gutiérrez, Edgar Encinas, Kepa Solabarrieta, Óscar Barcenas, Joseba Castresana y Álvaro Artetxe.