undefined

Mikel Vesga: “Bide onean gaude”

Mikel Vesga: “Bide onean gaude”

Erdilari zuri-gorriaren ustez, “garrantzitsua da pixkanaka joatea, baina sentsazioak onak dira momentuz eta gora begiratzen dugu”

Mikel Vesga Lezamako prentsa aretoan agertu zen Athleticek txapelketarik gabe dituen asteetako lehenengoan. Erdilari zuri-gorria “handinahia” izan zen, bere ustez LaLigako hasierako txanpa ona burutu ondoren.

Jokalari guztiei astero partidak izatea gustatzen zaien arren, gasteiztarrak aldi honen irakurketa positiboa egiten du: “Egia da ez dela ohikoa hiru aste lehiaketarik gabe egotea, baina ondo dator burua garbitzeko, entrenatzen jarraitzeko eta hurrengo partidarako ondo prestatzeko ere. Oro har, nola jokatzen dugun ikusita, taldearen higadura oso handia da. Distantzia handia egiten dugu eta erritmo handian jokatzen dugu, eta horrek fisikoki ondo egotea dakar. Gainera, azken jardunaldian garaipen batetik gatozenez, animoz indartzen gaitu horrek“.

Vesgak uste du taldea prestazio onak eskaintzen ari dela: “Taldea erakusten ari den maila nahiko altua dela uste dut. Partida onak egiten ditugula ikusten dugu. Hiru puntuak nahi ditugu bai ala bai, nahiz eta taldeak ez duen irabazteko presio hori sentitzen. Garrantzitsua da pixkanaka joatea, baina sentsazioak onak dira momentuz eta gora begiratzen dugu. Handinahiak gara, eta emaitza onak nahi ditugu, ahalik eta ondoen geratzeko. Bide onean gaude“.

Hurrengo jardunalditik aurrera San Mamesek bere edukieraren % 100 hartuko du eta sei zenbakia daraman lehoia pozik dago horregatik: “Azken bi urteotan jaso dugun albisterik onena da. Denok elkarrekin gozatzeko gogoa genuen. Lehen egunean nabari zen zarata. Jokaldi bat amaitzen da, jendeak animatu egiten du, estutu egiten du… Zelaian askoz gehiago gozatzen dugu. Zalerik gabe dena hotz samarra da“.