undefined

“Burua hotz eduki behar dugu”

“Burua hotz eduki behar dugu”

Iturregik taldearen bide onari buruzko edozein euforiari ihes egin dio eta partida bizia espero du igandean Sevilla FCren aurka

Iraia Iturregik agerraldia egin du gaur goizean Lezamako prentsa aretoan. Igandean lehoiek Sevillan jokatuko dute seigarren jardunaldia, laugarren garaipena jarraian lortzeko eta liga hasierako dinamika onari eusteko asmoz. Sevilla FC aurkari zaila izango da eta zuri-gorriak etxetik kanpo garaipenekin jarraitzeko gai diren ala ez erakutsiko du.

“Ondo gaude. Lau garaipen lortu ditugu eta partiden datuak ikusita merezitakoak izan dira. Taldea ondo dagoela ikusten da eta bajak izan arren errendimendu altua eman duten beste jokalari batzuk sartu dira. Jokalari guztiak oso entxufatuta dauzkagu eta hori gozamena da teknikarientzat. Hori da gakoetako bat. Talde lehiakorra egin behar genuen”, esan du entrenatzaileak.

Iraia Iturregik taldea lasai mantentzea nahi du, denboraldi honetan ia bikain hasi den arren. “Iaz gertatutakoa ikusita, inoiz baino gehiago burua hotz izan behar dugula uste dut. Taldean sartu ginenean, une txarretan burua hotz izan zezatela irakatsi genien. Orain garaipenetan ere gauza bera esaten diegu. Lasai daude. Ez daude euforikoak ere. Real Madrili irabazi genion eta normaltasunez ospatu genuen. Beti ospatu behar da, baina inolako euforiarik gabe. Iaz ere taldeak 11 puntu atera zituen lehen bost partidetan eta aurten 12 puntu ditugu. Sentsazioak onak dira eta jokalariak konfiantzaz daude. Hobetzeko tartea dago, eta horrek baikorrak izatera bultzatzen gaitu. Partidaz partida joan behar dugu aurten, inoiz baino gehiago. Goian egoteko aukera badugu, seguru borrokatuko dugula. Denok izango dugu horren alde borrokatzeko anbizioa”.

“Iazko esperientzia oso baliotsua izan da”

Gainera, Loiuko prestatzaileak gogorarazi duenez, “Jokalarientzat iazko esperientzia bere ibilbideko esperientziarik baliotsuena izan da. Iaz oso gogorra izan zen, baina esperientzia handia atera dute eta hobeto prestatuta daude, antzeko egoera bat gertatuko balitz ere”.

Sevilla FCren aurkako partidari dagokionez, Iturregik “liga osoko aurkaririk bertikalenetakoa” dela azpimarratu du. “Nahiko joko zuzena egiten du eta kontraerasoan ondo ateratzen da, geldikako ekintzetan indartsua izateaz gain. Entrenatzaileak intentsitate handia ematen die beti. Oso jokalari desorekatzaileak ditu goian. Ez dira erregularrak izaten ari hasiera honetan, egia da, baina partida bizia espero dut. Guk ere min emateko armak ditugula uste dut”.