undefined

“Real Madrilen aurkako mentalitate bera espero dut”

“Real Madrilen aurkako mentalitate bera espero dut”

Lehoiek Villarealen aurka arituko dira lehen, eta Iturregik talde ausarta dela uste du, baina ez du bere taldearen faborito papera ukatzen

Iraia Iturregik prentsaurrekoa eman du igandean Primera Iberdrolako zazpigarren jardunaldiko Athletic Club – Villareal CF partida jokatu baino lehen. Lehoiek lau jardunaldi daramatzate porrotik jaso gabe eta Sevillan berdintzetik datoz: “Sevillaren aurkako partidan oso ondo defendatu genuen, eta hori gure ezaugarria da, baina baloiarekin gauzak hobeto egin ahal izan genituen aukera gehiago sortzeko. Lanean ari gara, eta ikusten dut taldea aurrera egiten ari dela. Zelaiaren azken herenean erabaki hobeak hartu behar ditugu”, gogorarazi du entrenatzaile loiutarrak.

Igandeko neurketari dagokionez, Iturregik honakoa esan du: “Sevillan puntuak lortzea ona da, baldin eta etxean Villarealen aurkako hiru puntuak ateratzen badituzu, han lortutako puntua ona eginez. Etxean jokatuko dugu igo berri baten aurka, baina errespetu handia izan behar da, iaz denboraldi bikaina egin baitzuen. Denboraldi honetan esperientzia handiko jokalariekin indartu da. Gol bakarra sartu dute, baina egia da FC Bartzelonaren eta Realaren aurka jokatu dutela. Talde ausarta da, eta argi dauka bere helburua mantentzea eta mailara egokitu ahal izatea dela. Etxean faboritoak izan beharko genuke baina Villareal CF ausarta izango da”.

“Ausartak eta biziak izan behar dugu”

Igandeko partida jokatu ondoren, ligak beste etenaldi bat izango du datorren asteburuan. “Nik jarraitutasun handiagoa izan nahiko nuke, baina egia da aurten hilean ia geldialdi bat dugula. Hori gertatzen denean, astea aprobetxatzen dugu “kaña” pixka bat gehiago sartzeko, gero asteburu librea izango baitute”, azaldu du Iturregik.

Partida Lezamako 2. zelaian jokatuko da eta bazkideak beren karnetarekin sartu ahal izango dira eta txarteldegian erositako sarrerak  (1.800 publiko edukiera), sarrerak leihatilan salduko dira ere. Zurigorriek garaipen handia lortu zuten 5. jardunaldian Real Madrilen aurka. “Aurrekoan Lezamako lehen partida izan zen eta partida biribila atera zitzaigun Real Madrilen aurka. Publikoak gozatu ahal izan zuen, merezitako garaipena izan zen. Igandean espero dut lehenengo minututik irabaztera aterako den Athletic bat ikustea, berdin dio nor dagoen aurrean. Ausartak izan behar dugu, biziak, goian estutu aurkaria itotzeko. Publikoari eskaini diezaiokegun onena da, hori ere gustatzen baitzaio “.