undefined

“Etengabeko hobekuntzan gaude”

“Etengabeko hobekuntzan gaude”

Marcelinok hirugarren garaipena jarraian lortzea espero du bihar Espanyoli egingo dion bisitan: “Denok gaude pozik, baina gehiago nahi dugu”

Marcelino Garcia Toralek komunikabideen galderei erantzun die Lezaman, Bartzelonara abiatu aurretik, bihar RCD Espanyolen aurka jokatzeko (21:00etan).

Entrenatzaile zuri-gorriak taldeak txapelketaren hasieran izan duen errendimendu handia azpimarratu du, baina ohartarazi du orain arte egindakoak ez duela eraginik izango biharko partidan: “Haiek ere bolada positibotik datoz, hango partidak oso zailak izaten ari dira talde guztientzat, eta, beraz, gure mailarik onena eman beharko dugu puntuak lortzeko”.

Marcelinok Asier Villalibreren baja baieztatu du biharko, baita hamaikakoan aldaketak egitea dagokiola ere, larunbatean talde handi baten aurka egindako ahalegin handiaren ostean, baina beti hirugarren garaipena jarraian lortzeko helburu argiarekin: “Etengabe ari gara aurrerapausoak ematen. Irabazteko oso talde zaila gara eta gauzak oso ondo egiten ditugu. Jokalariak seguru sentitzen dira eta jendea haiekin dago. Ez dut ikusten progresioa gelditzeko aukerarik”. 

Azkenik, lehoien entrenatzaileak bere hausnarketa berezia egin nahi izan du Athleticek bizi duen uneari buruz: “Egiten ari garena, edozein aurkariren aurka taularen goialdean borrokatzea, meritu handikoa da. Mundu globalizatu honetan etxekoekin jokatzea oso kontuan hartu beharreko zerbait da, bere zailtasun gehigarriarekin. Talde guztiek beren egoerak konpontzen dituzte nazioarteko merkatu batean. Athletic da hori egiten ez duen munduko bakarra. Denok partekatzen dugun eta oso harro gauden filosofiarekin, lortzen ari garen emaitzak goraipatu behar dira. Larunbatean Txapeldunen Ligako talde handi baten aurka modu fidagarri eta argian irabazi genuen”.