
“Gure arteko lehiak hobeak egiten gaitu guztioi”
“Gure arteko lehiak hobeak egiten gaitu guztioi”
Belauneko lesioaz sendatuta, Yeray Alvarez pozik agertu da zelaietara itzultzeagatik: “Igandean partida interesgarria biziko dugu Realaren aurka”
Yeray Alvarezek komunikabideen aurrean hitz egin du Athleticek Realaren aurka Reale Arenan jokatuko duen astean (ig. 21:00etan). Barakaldoko erdiko atzelariak belauneko mina atzean utzi du, joan den denboraldiaren amaieratik zeukana eta orain arte berdegunetik kanpo mantendu duena: “Horixe zen nire kezka bakarra, errotuluetako tendoia ondo sendatzea, uste baino gehiago luzatu den lesio zaila baita. Asteartean jokatu nuen lehen partida eta sentsazioak oso onak izan ziren”.
Marcelinoren joko-sisteman bi postutarako lau erdiko atzelari ditu Athleticek atzealdearen erdian, eta Yerayren iritziz, “Iñigo, Vivian, Unai Nuñez eta hirurok egunero exijitu behar diogu gure buruari ahalik eta gehien entrenatzailea konbentzitzeko. Bizi dugun gure arteko lehia osasuntsu horrek hobetzen gaitu bakoitza, eta, azken finean, guztiz onuragarria da hori taldearentzat”.
Harrobiko gazteek taldean hartu duten garrantzia azpimarratu du atzelariak: “Vivian, Zarraga, Nico eta antzeko jokalariak Lehen Mailan edozein partida jokatu ahal izateko maila eta lasaitasuna erakusten ari dira. Hori luxu bat da guretzat, eta Lezamak bere fruituak ematen jarraitzen duela erakusten du. Albiste bikaina da”.
Igandeko Realaren aurkako derbiari dagokionez, zera dio Yerayk: “Dinamika oso onean gatozen bi talderen arteko partida bikaina izango da. Haiek bikain ari dira, baina gu oso ziur gaude egiten dugunaz. Garaipena azkeneraino borrokatuko dugu”.
Erlazionatutako partidak
Real Sociedad - Athletic Club

