undefined

Thinking, Letrak eta Futbola 2021 jaialdiaren aurkezpena

Thinking, Letrak eta Futbola 2021 jaialdiaren aurkezpena

Zinemaz, literaturaz, umorez, sormenez eta futbolez jantziriko astea izango da azaroaren 9tik 14ra, 19:00etan, Sala BBK aretoan eta San Mames Bat-eko Ipar aretoan

Athletic Club Fundazioak Thinking, Letrak eta Futbola 2021 kultura-jaialdiaren aurtengo edizioa aurkeztu du San Mamesen. 2020an gertatu zen bezala, Fundazioak, pandemiaren ondorioz, erabaki du ekitaldi bakarrean batzea erreferentziazko bi kultura-jaialdiak (Thinking Football Film Festival zinema-jaialdia eta Letrak eta Futbola literatura-jaialdia). Zinemaz, literaturaz, umorez, sormenez eta futbolez jantziriko astea izango da azaroaren 9tik 14ra, 19:00etan, Sala BBK aretoan (inaugurazioa) eta San Mames Bat-eko Ipar aretoan (gainerako saioak), doako sarrerarekin.

Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoa San Mameseko José Iragorri aretoan izan da, eta hantxe izan dira Juan Carlos Ercoreca Athletic Club Fundazioko presidentea, Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendaria, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kulturako zinegotzia, Jon Vázquez Eguskiza zuzendari nagusia, eta Galder Reguera Fundazioko proiektu-arduraduna.

Inaugurazio-gala, asteartea 9

Jaialdia asteartean hasiko da (hilak 9), 19:00etan Bilboko Sala BBK aretoan, eta Nossa Chape filmaren zuzendarikide Julián Duquek 2019ko Thinking Football Film Jaialdiko Publikoaren Saria jasoko du. Fundazioak LFG (Let ‘s fucking go) filma aukeratu du jaialdiari ekiteko.  HBOk ekoitzia eta Sean Finek eta Andrea Nixek zuzendua da 2021eko film hori, eta Ipar Amerikako futbol selekzioko jokalariek emakumeen eskubideen alde egiten duten borrokari buruz berba egiten du.

Juan Pablo Sorin, Juan Villoro eta Marcel Beltran, asteazkenean, hilak 10

Jaialdiaren lehen literatura-topaketak Juan Pablo Sorin futbolari ohi argentinarra eta Juan Villoro idazle mexikarra bilduko ditu San Mamesen, Panenkako kazetari Marcel Beltrán kazetariak moderatutako hitzaldi batean. Sorin (Buenos Aires, 1976), literaturzale amorratua da, eta River Plate, Lazio, FC Barcelona eta Paris Saint-Germain taldeetan aritu zen, besteak beste. Juan Villoro idazle mexikar sarituarekin izandako elkarrizketa da jaialdiaren pizgarri nagusietako bat.

Iribar, Tirapu eta Balenziaga, ostegunean (hilak 11)

Fundazioak José Ángel Iribar handiari eskaini dio jaialdiaren jardunaldi bat; beste azalpenik behar ez duen atala. Txopok euskara sustatzeko bideratu zuen 1980ko maiatzaren 30ean Athletic Cluben eta Realaren arteko partida batean egin zioten omenaldiko dirua. Iribarren ekarpenari esker, Antxon Ezeiza zuzendariaren hainbat lan atera ziren, hala nola Mendia eta euskara, Arrauna eta euskara eta Futbola eta euskara film laburrak. Berrogei urte baino gehiago geroago, azken film horretaz gozatu ahal izango dugu, eta, ondoren, Iribar, Ainhoa Tirapu eta Mikel Balenziaga izango dira solasaldi batean.

Carta a Sócrates eta Somos el Red Star, ostiralean (hilak 12)

Somos el Red Star dokumental frantziarrak Parisko Red Star taldea aurkezten du, Athletic Cluben arerio historikoa. Jules Rimetek sortu zuen talde hura 1897an, eta lotura handia izan du Frantziako hiriburuko langileen eta ezkerreko mugimenduekin. Aurretik, Pedro Asbeg zinema-zuzendari brasildarraren Carta a Sócrates film laburra proiektatuko da.

Publizitatea eta futbola, larunbatean (hilak 13)

Fundazioak jardunaldi berezia eskainiko dio publizitatearen eta futbolaren arteko harremanari. Publizitatearen historia hurbileko futbol iragarki onenak eta txarrenak proiektatuko dira, eta Antonio Pacheco eta Santi García publizistek modu informalean hitz egingo dute gaiari buruz.

FutbolisTOC, Zuhaitz Gurrutxagarekin, klausuran

Thinking, Letrak eta Futbola 2021 jaialdia umoreari eskainitako egun batekin amaituko da. Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak bakarrizketa-saio bat eskainiko du: FutbolisTOC bakarkako bere bigarren lana, hain zuzen. Bere futbolari garaia errepasatzeaz gain, Gurrutxagak nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz berma egingo digu (TOC, gaztelaniazko siglen arabera), zeina bere larruan bizi izan baitzuen lehen mailako futbolari bihurtu zenean, guztia ere umore-ukituarekin.

Sarrerak, azaroaren 2tik aurrera

Urtero bezala, jaialdiko sarrerak doan izango dira. Fundazioak martxan jarritako sistema azaroaren 2tik aurrera egongo da operatibo, www.thinkingletrasyfutbol.com webgunearen bidez sarrera erreserbatu ahal izateko. Sistema horretatik, posta elektronikora iristen dira sarrerak, QR kode baten bidez. Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren aurka ezarritako osasun-neurri guztiak beteko ditu jaialdiak.